AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Agerraldia egin zuten atzo sareko kideek. Argazkia: IAS
2020/01/18 01:57

Indartsu hasi du urtea Iruñerriko (Nafarroa) Autodefentsa Sareak. "Eunate ikastetxetik kamerak kentzeko aurrera eramandako borrokan jasotako ikaspenak oinarri", ikasturte berriarekin batera, dinamika berria jarri zuten martxan IASeko kideek: askatasun politikoen aldeko borrokaldia. "Gure jarduna aurrera eraman ahal izateko zailtasun ugari aurkitzen ditugu zenbait ikastetxetan; izan ere, ikasleok, lan sindikala aurrera eramateko zailtasun askorekin aurkitzen gara", adierazi zuten atzo IASekoek, agerraldi bidez. "Urratuak dira gure askatasun politikoak".

Hala, atzoko prentsaurrekoan azaldu modura, ukazio egoera hori "normalizatuta" dagoen hiru ikastetxetan ikasturte hasieran askatasun politikoen aldeko borroka abiatu zuen IASek; hain zuzen, Paz de Ziganda ikastolan, Berriozar DBHIn eta Askatasuna BHIn. Besteak beste, ikasleek nabarmendu dute Berriozarko institutuan debekatuta dutela elkartzea, "izan bilerak egiteko edo elkarretaratzeak egiteko", eta hiru ikastetxeetan ukatua zaie "propaganda politikorako askatasuna".

Ikasleon aurkako eraso horiek gure antolakuntza sindikal zein politiko propiorako oztopo gisa ulertzen ditugu", diote IASeko kideek: "Ikasleok subjektu politiko modura ez aitortzeko arauak dira, gure lan sindikala oztopatzeko eta infantilizatzeko baliatzen baitituzte".

Erantzuna, autodefentsa

Ikasturtea hastearekin batera, IASen lehenengo pausoa izan zen sinadura bilketa. Hala, "askatasun politikoen eta IASek egindako aldarrikapenen aldeko" 1.000 sinadura baino gehiago bildu zituen. Aurrerago, abenduaren 13an, elkarrizketa mahaia zabaltzeko proposamena luzatu zion IASek Berriozarko institutuko zuzendaritzari, "ikastetxean sortutako arazo eta urraketei irtenbide bat emateko elkarrizketa" hasteko.

Proposamena onartu zuten zuzendaritzako kideek, eta Gabonetako oporrak amaitu bezain pronto bildu ziren ikasleekin. Aldarrikapen eta exijentzia nagusiak mahaigaineratu zituen IASek: ikasleek biltzeko askatasuna eta propaganda politikoa egiteko askatasuna bermatua izatea. Dena den, agerraldian IASek azaldu zuenez, zuzendaritzak uko egin die bi eskaerei, eta bertan behera geratu da elkarrizketa mahaia.

Bidean aurrera

Bestalde, Iruñerriko Autodefentsa Sareak proposamen berdina egin die Askatasuna BHIko eta Paz de Zigandako zuzendaritzei, "arazoei irtenbidea emateko" mahaiak sortu daitezen. Hala, aurrera doa askatasun politikoen aldeko borroka. IASek adierazi du "ikasleon aurkako erasoei aurre egiten" eta "autodefentsa indartzen" segituko duela: "Oztopo eta ezezko guztien gainetik, klase elkartasuna eta indarren zentralizazioa ardatz, gure askatasunen eta baldintzen alde borrokatzen jarraituko dugu".

Hala, hurrengo deialdiei adi egotera dei egin du IASek.

EZ DAGO IRUZKINIK