AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/13 11:21

Zergatik utzi zenuen zuen herria?

Nire bizitza arriskuan zegoelako. Orokortuko bagenu, gure herria gerragatik utzi genuela esan genezake, baina horri arrazoi pertsonal desberdinak nahasten zaizkio.

Nolako ibilbidea egin duzu hona iristeko?

Nik 2015 amaieran utzi nuen nire herria, dirua neukan aurreztuta, eta ikusita egoera okerrera eta okerrera zihoala, ihes egitera behartuta ikusi nuen nire burua. Mali iparraldea zeharkatu nuen, Aljeriatik sartu nintzen. Tarte batez han gelditu nintzen, Marokora pasatzeko diru pixka bat lortu bitartean. Ondoren, Marokon ere egoera gogorra izan zen. Baina han norbaiten laguntza izan nuen, aingeru goarda bat esan genezake, lagundu egin zidan Espainiara sartzen. Malagatik sartu ginen. Bi hilabeteren ondoren, Frantziara joatea erabaki nuen. Han bizitza ez zen oso zorteko portatu nirekin, baina hala ere, jasan behar izan nuen. Lan egin nuen, moldatu nintzen, nola edo hala, biziraun ahal izateko.

Zein baldintzetan bizi izan zinen?

Zaila zen; han ez baduzu paperik, ez duzu lanik, ez baduzu paperik ez duzu etxerik, ez baduzu paperik ez zara inor. Hori guztia bizitzen ari nintzela, nire patuan sinesten nuen, nire ametsetan, egun batean ondo egongo nintzela. Baina bitartean ez nengoen egoera onean. Espainiara mugitzea erabaki nuen, ez soilik paperak lortu ahal izateko: bizitza hobe bat eduki ahal izateko ere bazen, seguru bizi ahal izateko.

Poliziarengandik ere jasan izan dituzu bortizkeria eta arrazakeria.

Oso bortitzak dira beltzokin. Ni Frantzian beti kaputxa jantzita ibiltzen nintzen. Behin Poliziak gelditu ninduen, arma atera, paretaren kontra jartzeko esan... Nik protesta egiten nuen: "Baina zer da hau? Zergatik?" nioen. Paretaren kontra bizkarrez jartzeko esan zidaten, eta jarri nintzen. Ea zerbait neukan gainean, dena miatu zidaten, goitik behera. Belarra edo droga bilatzen zuten. Nik ez daukat ezer. Ez zidaten sinesten, komisariara eraman ninduten, aztarnak eta guzti hartu zizkidaten, ikusteko ea haien fitxategietan nengoen. Oso bortitzak dira gurekin. Polizia beltzak ere bai. "Gihartsua zara", esan zidan batek. Kamerarik ez balego agian jo egingo ninduten. Hori gertatzen da.

Hemen nola bizi zarete?

Konplikatuegia da. Kalean lo egitea arrisku bat da, edonoiz erasotua izan zaitezke, hil ere egin zaitzakete, guztia da posible. Hori esaten dut, baina adibide bat da. Kontua da hotz egiten duela, eta egoera honetan ezin gara egon. Ez dugu horrela egon nahi. Hain epe luzeak ematen dizkigute.

Noizko eman dizute asiloa lortzeko prozesuko hitzordua eta zertarako da?

Daukadan hitzordua 2028an da. Data hori elkarrizketa egiteko da. Ez da amaitu oraindik. Elkarrizketa eta gero, bederatzi hilabeteko paper bat ematen dizute. Sei hilabeteren ondoren lan egin ahal izango duzu, geratzen zaizkizun azken hiru hilabete horietan.

Nik ez daukat gogorik orain nagoen bezala egoteko. Lan egin nahi dut; zergak ordaindu, hiri honetan egon, denak bezala, ekarpena egin. Horixe nahi dut. Bizitza lasai bat izan, behar den bezala trata nazatela, hemengo hizkuntzan hitz egin... Nahiz eta diru guztia gastatu behar dudan hizkuntza ikasteko.

Eta hitzorduaren ondoren ez badizuete geratzeko baimenik ematen?

Posible da. Guztia da posible. Ikasi dudanaren arabera, eskaria ukatzen badute errekurtso bat egin beharko da.

Are gehiago itxaron.

Beste sei hilabete edo urte bat, abokatu bat aurkitu...

Eta abokatua ordaindu?

Ez badaukazu dirurik, konplikatua da. Ez gara denak berdinak. Batzuek familia daukate, agian lagundu ditzakeena. Besteek ez. Nik ez daukat inor. Ni nork lagunduko nau, ez bada hiri honetako jendeak? Ezinezkoa. Nire eskaria onartuko ez balute, ez dakit... 2028an da elkarrizketa, ondoren sei hilabete itxaron eta gero lanean hasi ahal izango nuke.

Eta lana aurkitzeko?

Niretzat ez da konplikatua izango. Taxi gidaria naiz, sukaldaria, eraikuntzan aritu naiteke bestela. Baina hemen badago jendea ez dakiena lanbiderik.

Agian ez dute ikasteko aukerarik izan?

Pobrezia da arrazoia. Nik eskolara joateko zortea izan dut.

Orain zer behar duzu?

Orain paperak behar ditut, integrazio normal bat beharko nuke, beste guztiek bezala, teilatu bat. CEAR-en (Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea) esaten digute jende asko dagoela. Ulertu dudanez. Han badago emakume bat frantsesez ondo hitz egiten dakiena. Eta noan bakoitzean harekin hitz egiten dugu. Esaten du jende asko dagoela, eta ez dagoela leku nahikorik. Batzuetan, jendea pilatu behar izaten dute, leku pixkatxo bat gehiago eduki ahal izateko. Ez daukate baliabiderik. CEAR-era joatea, ordu-erdi da oinez, joan eta ez dagoela lekurik esateko. Ez du merezi. Zure telefono-zenbakia hartzen dute eta: "Bihar deituko dizugu". Ez dago lekurik denentzat.

Ez dago beste lekurik?

Leku asko daude. Oñati dago, Bilbo, Sevilla eta beste leku asko. Baina haien artean komunikatu behar dute ea lekurik libre dagoen jakiteko. Biharko bizpahiru pertsonak aurkitu dute lekua, eta badoaz. Ez dago aukerarik denontzako. Itxaron egin behar dugu. Ez daukagu beste aukerarik.

Baina hemen, kalean zaudete. Nola egiten duzue egunerokoa?

Jatekoa denek ematen dute, hiriko jende boluntarioak nork bere ekarpena egiten du. Jendea etortzen da, gure telefono-zenbakiak hartzen dituzte eta deitzen digute: "Zer behar duzue?". Hitz ematen dizut, horrela da. Mugikorra kargatzeko emakume bat etortzen da, hemen ondoan bizi dena. Hemen dauzkagun mugikor guztien bila etortzen da eta kargatzen dizkigu. Eta egunero kafea ekartzen digu, goizean eta gauean. Ea jantzi zikinak dauzkagun galdetzera ere etorri izan da. Ez dut inoiz nire bizitzan bera bezalako pertsona apal eta bihotz onekorik ikusi.

EZ DAGO IRUZKINIK