AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Diario
2024/10/28 13:11

Otsailaren 8an, Madrilgo Konplutentse Unibertsitateko Filologia Fakultatean protesta bat izan zen, Israelgo Estatuaren diplomazia-ordezkari bat gonbidatuta baitzegoen bertako hitzaldi-ziklo batera. Protestan ari zen jendearen kontra oldartu ziren unibertsitateko segurtasun-indarrak, eta Espainiako Poliziako UIP unitateak ere esku hartu zuen. Bertan izan ziren, itxura denez, Informazio-arloko polizia batzuk ere.

Espainiako Estatuko polizia-indarrez gain, Israelgo Estatuko zerbitzu sionistak ere bertan egon ziren. Espainiako Polizia bera izan zen informazio hori berretsi ziona Madrilgo auzitegi bati: Konplutentse Unibertsitatean egon zen agente sionista baten nortasuna, behintzat, jakinarazi zion.

Ustez, enbaxada israeldarraren parte da agentea. "Pertsona hori legez akreditatuta dago, Israelgo Estatuko enbaxadore andre txit gorena babesteko lanetan ari den langile diplomatiko gisa", esan zioten Madrilgo epaileari Espainiako Poliziako agintaritzek.

Agente sionistak pistola bat atera zuen fakultatean, eta protestan ari ziren ikasleak mehatxatu zituen. Hala jarduten utzi zion Espainiako Poliziak, nahiz eta orain esaten duen agenteek ez zutela pistola ikusi. Protestan zeudenek azaldu dute, ordea, oihu egin zutela arma ikustean, baina pistola zeraman agentea ate baten atzean ezkutatu besterik ez zuela egin Poliziak.

Kereila eta auzia, artxibatuta

Gertakariak ikertu ditu Madrilgo auzitegi batek, manifestarietako batzuek aurkeztutako kereilaren ondorioz. Baina, Carlos Valle epaileak erabaki du kereila artxibatzea, parrafo bat besterik ez daukan idatzi batean esan duenez. Fiskaltzarekin bat eginda, epaileak ebatzi du enbaxada sionistako agenteak ez zuela eduki "asmo intimidatzailerik", arma atera eta protestan zeudenak seinalatzean. Helegite bat jarriko dute kereila aurkeztu zutenek.

EZ DAGO IRUZKINIK