AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / AraInfo
2024/09/12 08:53

Frankismoko Brigada Politiko-Sozialak 1975ean atxilotu zuen Julio Pacheco, Madrilen, eta torturatu egin zuen atxiloaldian. Biktimak aurkeztutako kereila bat zela-eta, 2023an ireki zuten auzi bat Pachecok pairatutako tratu txarrengatik. Frankismoko torturengatik Espainiako Estatuan zabalik zegoen auzi bakarra zen gaur-gaurkoz.

Dena den, ibilbide laburra izan du aipatutako auziak azkenean: hura artxibatzea erabaki du Madrilgo Instrukzioko 50. zenbakiko Epaitegiak, aitzakiatzat hartuta "preskribatu" egin direla gertakariak.

Pacheco izan da epaitegi batean frankismoko torturen biktima gisa deklaratu duen pertsona bakarra (iazko irailean deklaratu zuen), nahiz eta jakina den milaka eta milaka lagun torturatu zituztela askotariko polizia-indarrek erregimen horretan; tartean, aipatutako Polizia politikoak.

Erabateko inpunitatea

Madrilgo epaitegiko titularrak, Ana María Iguácelek, Auzitegi Konstituzionalaren irizpideekin bat egin du, beraz. Auzitegi Konstituzionalak frankismoko beste tortura kasu bat itxi zuen aurrez, Francisco Venturak Valentzian jasandako tratu txarrengatik irekitakoa.

Argudiatu zuen 2022ko Memoria Demokratikoaren Legeak ez duela auzitegia "ordezkatzen oinarrizko eskubideen interpretazioan", eta berak barne hartzen dituen atalak ez omen direla nahikoa frankismoko krimenak ikertzeko. Modu horretan, Auzitegi Konstituzionalak berriz itxi zion bidea erregimen horretako krimenak ikertzeari eta, hala, horiek zigortzeari.

Azken urteetan ahalegin ugari izan dira frankismoko torturak eta askotariko delituak auzitegietara eramateko, baina horiek guztiak ezkutatzea eta zarratzea izan da orain arteko portaera epaitegien aldetik. Bazirudien bide berri bat zabal zezakeela Pachecok irekitako auziak, baina, azkenean, hura ere ahanzturan uztearen alde egin dute epaileek.

EZ DAGO IRUZKINIK