Ecofert Sansoain enpresak Artaxoan (Nafarroa) daukan hondakindegia berriz irekitzeko baimena eman du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak. Kautelazko neurri gisa itxi zituzten instalazioak orain dela bederatzi hilabete, hainbat lekutatik lixibiatu kutsakor mordoa bidali zutelako. Hala ere, Nafarroako Gobernuak horretarako baimena eman ostean, joan den astelehenetik martxan dago berriz zabortegia. Enpresa kudeatzaileak elDiario.es atariari jakinarazi dionez, aurki hasiko dira berriz ere hondakin tonak jasotzen, ongarriak ekoizteko.
Artaxoan lixibiatu tona ugari hartu zituztela jakitean erabaki zen instalazioak behin-behinean zarratzea. Izan ere, toki ugaritatik eraman zituzten hara gai kimiko horiek: Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik, identifikazio faltsu batez baliatuta; Oleofat enpresatik edo Viscofan konpainiatik, horretarako baimenik ez eduki arren. Berriki argitaratu da artxibatu egin dutela Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) buru Jose Ignacio Asensioren aurkako auzi penala, Zubietako erraustegiaren jarduna dela-eta; eta handik egun gutxira baimendu du Nafarroako Ingurumen Departamentuak Artaxoako hondakindegia berriz zabaldu dezatela. Geroa Baiko Jose Maria Aierdik gidatzen du saila.
Nafarroako Gobernutik azpimarratu dute lixibiatuen putzuari lotutako arazoak konpontzeko konpromisoa hartu duela, ustez, Ecofertek. Enpresak, bestalde, hitzeman omen du baimendutako hondakinak baino ez dituela hartuko aurrerantzean: elikagaien industriako lohiak eta zura eraldatzetik lortutakoak, alegia. Nafarroako zabortegiaren irekiera ahalbidetzen duen ebazpenean, gainera, jasotzen da gobernuak areagotu egingo dituela ikuskapenak.