AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/25 09:09

Berehala etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat Iruñerriko (Nafarroa) Arrosadian. Samuelek eman du bere familiaren egoeraren berri: bi seme-alaba ditu eta lana galdu zuen, eta alokairua ordaintzeko ezintasuna zela-eta, hura etxetik botatzeko prozedura bat hasi zuten etxejabeek.

Epaiketa bat izan zen, eta, izatez, Samuelek beste etxe bat topatuko zuela eta maiatzaren 2rako Arrosadiako pisua utziko zuela adostu zuten. "Baina, azkenean, ezin izan dugu bete, oso zaila delako beste pisu bat bilatzea", azaldu du. Gizarte Zerbitzuetara jo zuen laguntza eske, baina ez diote inolako alternatibarik eskaini eta ziurtatu: ez omen dago etxebizitza-alternatibarik Samuelentzat eta bere familiarentzat. Une honetan, beraz, kale gorrian geratzeko arrisku bizian daude.

Mehatxuak eta legez kontrako baliabideak

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak eman du egoeraren berri. Salatu dute, gainera, azken hilabeteetan "era askotako presioak jasan" dituela familiak "etxetik alde egiteko"; "besteak beste, etxejabeen hainbat bisita modu txarrean esanez pisua utzi behar zutela". Akordioa bukatu baino lehen (maiatzaren 2a heldu aurretik) ere izan ziren mehatxuak etxejabeen partetik: "poliziarekin joan eta etxegabetzea gauzatuko zutela" esan zieten egun batean.

Dena den, legez kontrako etxegabetze hori geratzea lortu zuten familiak eta Etxebizitza Sindikatuak, "egun hartan eta aurreko asteetan elkarlanean egindako lanari esker". "Legalitatetik harago doazen praktika horiek geroz eta ohikoagoak dira etxejabeen artean, erabateko inpunitatea baitute", esan dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. "Etxejabeen inpunitatearekin amaitzeko", beharrezkotzat jo dute "autodefentsa sozialista antolatzea".

Samuelek eta bere familiak etxetik kanporatuak izateko arriskuan jarraitzen dutela ohartarazi, eta hurrengo deialdietara adi egotera deitu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak.

EZ DAGO IRUZKINIK