AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/22 11:50

"Diskurtso arrazistak eta faxistak hedatzen" ari direla ikusita, arrazakeriaren kontrako dei irmo bat egin du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS): "Ez utzi biderik arrazakeriari". Ohartarazi du "alderdi ultraeskuindarrak, talde faxistak, sare sozialetako erreferente ugari edota masa-komunikabideak" daudela diskurtso arrazisten hedapenaren atzean.

Horien guztien gorroto-mezuen jopuntuan pertsona migranteak daudela nabarmendu du; "bereziki, magrebtarrak". GKSren esanetan, pertsona horiek "kriminalizatzea" da diskurtso horien helburua, baita "marko autoritarioago bat" indartzea ere: "Lege gogorragoak, polizia gehiago, mugen militarizazioa, kontrolerako kamera gehiagoren ezarpena, eta abar".

Eta ez hori bakarrik: gazte-antolakundeak salatu du beste hainbat kolektiboren kontrako mezuak ere zabaltzen dituztela aipatutako diskurtso faxistek, hala nola, "emakume langilearen eta LGTB kolektiboaren aurkakoak".

"Herrialde askotan hedatu da diskurtso hori, eta Euskal Herrian ere hasia da zabaltzen"

"Herrialde askotan hedatu da diskurtso hori, eta Euskal Herrian ere hasia da zabaltzen", azaldu du GKSk: "Indarra hartu baino lehen egin behar diegu aurre, eta etorkinak kriminalizazio-objektu bihurtu ordez, gizarte aske baten eraikuntzan aliatu bihurtu behar ditugu".

Fokuak eta gerra kulturala

GKSk gaitzetsi du "immigrazioa lehen kezka-iturri bihurtzea lortu" dutela "masa-komunikabide nagusiek eta sare sozialek (hala berresten dute CISek argitaratutako azken datuek), "auzia parametro atzerakoietan kokatuz". "Gizartean alarma-egoera sortzea bilatu" dute horiek guztiek, "testuingurutik ateratako informazioa eta fake news-ak erabilita", besteak beste.

"[...] etengabe etorkinak errudun moduan seinalatzean, [...] foku mediatikoa egunerokotasuneko arazo errealetatik urruntzea lortu dute: pobreziatik, etxebizitzaren arazotik, osasungintzaren auzitik, ingurugiroan egiten ari diren suntsiketetatik, Europako enpresariek periferietan egiten dituzten arpilatzeetatik edota matxismotik, adibidez"

"Edozein gertakariren aurrean" pertsona migranteak "etengabe errudun moduan seinalatuta", "foku mediatikoa egunerokotasuneko arazo errealetatik urruntzea lortu dute", GKSren esanetan. Alegia, "pobreziatik, etxebizitzaren arazotik, osasungintzaren auzitik, ingurugiroan egiten ari diren suntsiketetatik, Europako enpresariek periferietan egiten dituzten arpilatzeetatik edota matxismotik, adibidez".

Mugimendu Sozialistako gazte-antolakundearen ustez, gainera, "ezkerreko erreferente iraultzaile baten faltak, ezkerreko alderdiak guztiz oligarkien aparatuetan integratuta egoteak eta jendartean orokortua den despolitizazioak horrelako diskurtsoen hedapena errazten dute, ez baitago horri aurre egingo dion erreferentziazko diskurtso eta indar antolaturik".

[...] ezkerreko erreferente iraultzaile baten faltak, ezkerreko alderdiak guztiz oligarkien aparatuetan integratuta egoteak eta jendartean orokortua den despolitizazioak horrelako diskurtsoen hedapena errazten dute, ez baitago horri aurre egingo dion erreferentziazko diskurtso eta indar antolaturik

Ezinbesteko zeregin bati azpimarra egin dio, beraz, GKSk: "Gizartean arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako balioak zabaldu behar ditugu, eta ezin diegu horrelako mezuei eta diskurtsoei hedatzen utzi". Gehitu du beharrezkoa dela "diskurtso manipulatuak borrokatzea eta benetako errudunak seinalatzea".

Immigrazioaren erroa

Horretaz gain, funtsezkotzat jo du "arazoari bere errotik heltzea", iritzita arazoa ez dela "etorkinen aurkako kriminalizaziora mugatzen, immigrazioak bere horretan jarraituko baitu bere kausek dirauten bitartean". "Zentro inperialistako herrialdeek etengabe arpilatzen eta ustiatzen dituzte periferiako herrialdeak, bertako baliabideak probestuz, ezegonkortasun politikoa sortuz eta bertako biztanleria miseriara kondenatuz", zehaztu du.

"Estatu kapitalista nagusiek eta enpresari handiek sortutako miseriazko egoera horren aurrean, askok eta askok alde egitea beste aukerarik ez dute, beraien kultura eta inguruko pertsonak atzean utziz, eta migratu bitartean euren bizitzak arriskuan jarriz", jarraitu du seinalatzen GKSk.

"Estatu kapitalista nagusiek eta enpresari handiek sortutako miseriazko egoera horren aurrean, askok eta askok alde egitea beste aukerarik ez dute"

Gainera, salatu du asko direla "migrazioaren auzia probesten dutenak" eta horri esker "negozioa egiten dutenak"; esaterako, pertsona migranteak "prekarizatutako lanpostuetan lan-indar merke bezala erabiltzen dituzten jabeak, zuzenean esklaboak bailiran tratatzen dituztenak, edota migrazio-prozesutik aberasten diren mafiak".

Sozialismoaren aldeko borrokara batu

GKSk dei egin du, hortaz, "zabaltzen ari diren arrazakeriari eta era guztietako ideia erreakzionario, baztertzaile eta faxistei aurre egitera". "Etorkinak seinalatu eta etengabe kriminalizatu beharrean, sozialismoaren aldeko borrokara batu daitezen egingo dugu lan", aldarrikatu du: "Dei egiten diogu gazteriari esparru guztietan arrazakeria eta horren atzean ezkutatzen den faxismoa borrokatzera".

EZ DAGO IRUZKINIK