Herrialde Katalanetako Arran gazte antolakundearen Valentziako taldeak asteburuan jakinarazi du, komunikatu baten bidez, kanporatu egin dutela Arranetik. Zuzendaritzak antolakundean "zatiketa" bat eragiten saiatzea leporatu die Valentziako asanbladako kideei, baina haiek ondorengoa erantzun dute: nabarmendu dute bizitzen ari diren "errepresioa" ez dela Arran zatitzearen kontrako neurri bat, zuzendaritzak esan duen modura; "ezintasuna erakutsi duen proiektu baten erantzun kontserbadorea baizik". "Errepresioak beti bilatzen du ezarrita dauden ideien iraunkortasuna eta edozein eztabaidaren erabateko blokeoa", gaineratu dute Valentziako kideek.
Kritika politikoa
Duela hamar urte sortu zen Arran antolakundea, eta Valentziako taldeak azaldu duenez, "parte hartu duten eta zenbaezinak diren gazteentzako formakuntza-eskola bat" izan da Valentziako asanblada. Kideen esanetan, beti saiatu izan dira ebazten zer nolakoa izan beharko lukeen haien "ekarpenak", "langile klasearen borrokan", eta haien "testuinguruan".
Azaldu dutenez, baina, Herrialde Katalanetako Ezker Independentistak 2000. urtean bere gain hartu zuen "planteamendu estrategikoak" eraman zituen "barne-mailan kritika eta proposamen ugari helaraztera", eta jarrera berdina izan dute Kataluniako Autonomia Erkidegotik kanpoko Arranen beste talde batzuek ere. "Hala ere, ez gintuzten entzun. Antolakundeak mea culpa hartzen zuen bere gain, baina ez zen gai aurrera egitera bultzatu gintuzten testuingururako proposamen egokiak formulatzeko", ekarri du gogora Valentziako taldeak. Azaldu du Kataluniatik kanpoko Arranen asanblada ugari desagertu zirela horren guztiaren eraginez.
Blokeoa
"Ulertu genuen gurea zela Ezker Independentistaren proiektua posible egitearen erantzukizuna, eta gure militantzia-eredua biziagotu zen. Hain zuzen, aldi horretan hasi ginen oinarrizkoagoak ziren hainbat auzi hautematen", argitu dute. "Barne-mailan hasi ginen kritika horiek aurkezten, eta antolakundeak mantra berdinarekin erantzuten zuen beti: 'ez da horri buruz hitz egiteko unea, ez eta espazioa'. Horixe zen gu zentsuratzeko modurik dotoreena", diote. Gogorarazi dute antolakundeak ez zuela "patxadaz" eta "adiskidetasunetik" hitz egin ahal izateko espaziorik sortu.
Hala ere, kritika horiek "garatzen" eta antolakundeak martxan dituen bideetatik helarazten jarraitu zuten Valentziako Arraneko kideek, baina kritika oro "hainbat modutan" blokeatua izan dela salatu dute. "Eta eztabaida osasuntsu eta garden batean aurre egin beharrean, blokeo horren, desitxuratzearen eta gure argudioak absurdora murriztearen alde egitearekin sortu da zatiketa bat gure antolakundean", azpimarratu dute: "Eztabaidei uko egiten dienak eraman gaitu gaur egungo egoerara".
Gutun irekia
"Eztabaida barne-mailan egiteko ezintasunak" eta ezintasun hori denboran hainbeste luzatu izanak eragin zuen, azkenean, kritika bat "kanpotik" egitea. Joan den martxoan argitaratu zuen Carta oberta al jovent comunista gutuna Arranen Valentziako taldeko kide batek, eta hedapen handia izan zuen. Arranen 25 taldek eman zioten babesa "gutun horretan aurkezten ziren tesiei", eta Valentziako kideek jakinarazi dutenez, ordutik, "neurri diziplinarioak" baino ez dizkiete ezarri zuzendaritzatik asanblada horiei.
"Erantzun errepresiboa gure blokearen karikaturizazioan oinarritu da, eta gutuna argitaratu genuenetik ia hiru hilabetera, ez zaigu argudio politiko bakar bat ere eman, ez zaigu kontrarik egin, ez da eztabaidarik izan", azaldu du Valentziako asanbladak: "Gu eta kritika partekatzen zutenak kanporatzearekin mehatxu egitea besterik ez da egin".
Deia
Gertatutakoa azaltzen duen komunikatua zabaltzera deitu du Arranen Valentziako taldeak, eta batez ere, beren kideei zuzendu die dei hori. Dena den, uste du haiek "kanporatuta nahi dituen burokraziaren aurrean" agerian eta arriskuan geratzea ere badela hori. Beraz, "Arran barrutik borrokan" jarraitzera ere deitu ditu, baina "gazte komuniste guztiei" egin die "egiazki iraultzailea" izango den "antolakunde bat eraikitzeko antolakuntzara" batzeko deia.
"Gatazka hau ez da pertsona multzo bat kanporatzeari buruzkoa, eta ez da konpontzen isilarazten saiatzearekin. Arraneko bloke sozialistak planteatzen dituen ideiak geratzeko etorri dira, eta ez dira husteko modukoak", gaineratu dute Valentziako kideek.