AKTUALITATEA / Errepresioa
Aroztegikoen aurkako zigorrak berretsi ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiak
Ia 10.000 eurorainoko isunak ezarri zizkion bakoitzari, baina baztertu egin zuen "talde kriminal" bat osatzeari buruzko akusazioa. Auzitegiak atzera bota du Aroztegiko makroproiektuaren bultzatzaileen helegitea.
2026eko urtarrilaren 14
Aroztegikoen aurkako zigorrak berretsi ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Aroztegiko zazpi akusatuen kontrako zigorrak berretsi ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiak, gaur jakinarazi duenez. Irailean eman zuen ebazpena: ia 10.000 eurorainoko isunak jarri zizkien epaitutako pertsonei, "bortxaz" nahiz "intimidazioz" Aroztegiko makroproiektuaren obrak eragoztea leporatuta. Dena den, auzitegiak ezeztatu egin zuen auzipetuek "talde kriminal" bat osatzen zutela zioen akusazioa, eta ez zizkien espetxe-zigorrak ezarri. Hasieran, hogei urterainoko kartzela-zigorrak eta 56.000 eurotik gorako isunak eskatzen zituzten haientzat.

Sententziaren berri izatean, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuten makroproiektua sustatzen duten enpresek, Palacio de Arozteguia SM tartean: zigor gogorragoak eskatu zituzten berriz. Baina, azkenean, aukera hori baztertu du auzitegiak, eta bere horretan mantenduko du ebazpena. Erran.eus-ek jaso duenez, epaitegiak dio "bideraezina dela errekurtsoa onartzea eta absoluzio epaia ezeztatzea entzunaldi publikorik egin gabe, non akusatuari, egotzitakoa egin izana ukatzen duenak, entzun beharko baitzitzaion".

Irailean, epaia argitara atera zenean, agerraldi jendetsu bat egin zuen Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Sententziak "argi-ilun aunitz" zituela ohartarazi zuen, baina, "talde kriminalaren" inguruko akusazioa deuseztatuta, "Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu" izana ospatu zuen; baita "etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu horrek ekarriko lituzkeen zigortze-neurri larriak" ekidin izana ere. "Borrokatzeak eta protestak balio dutela berresten dugu", gaineratu zuen.