AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/02 09:48

Lurraren defentsan kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu! lelopean, milaka pertsona irten ziren kalera atzo Iruñean (Nafarroa). Nafarroako Justizia Jauregitik hasi zen manifestazioa 16:00etan, bertan epaituko baitituzte Aroztegiko zazpi auzipetuak datorren maiatzean. Haiekin elkartasunez mobilizatu zen jende andana, eta aho batez exijitu zuten zazpiren absoluzioa. Bestalde, baina, eskatu zuten ez dadila kriminalizatu lurraren eta bizitzaren defentsa, eta ezetz esan zioten Aroztegiko proiektu txikitzaileari." Hastapenetik herriaren borondatearen gainetik bortxaz eta errepresio bortitzaren bitartez inposatu duten proiektu bat da", oroitarazi zuten.

Manifestazioaren amaieran egindako hitzaldian, antolatzaileek "espekulatzailetzat eta suntsitzailetzat" jo zuten Aroztegiko makroproiektua. Obrari aurre egiteko kanpaldian parte hartzeagatik daude auzipetuta zazpi lagun, eta larriak dira haien aurka egin dituzten akusazioak, besteak beste, talde kriminal bat osatzea leporatzen baitiete. Horren guztiaren isla da auzipetuentzat egin dituzten izugarrizko zigor eskaerak: hogei urterainoko espetxe-zigorrak eta 56.000 euroko isunak. Atzoko mobilizazioan nabarmendu zuten aurrekari arriskutsua izan daitekeela prozesu judiziala, eta "epaiketa horrekin herri-mugimendu osoa kriminalizatu" nahi dutela.

UPNk 2016an onartu zuen Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektua, Lekarozen (Nafarroa) luxuzko hotel bat, golf-zelai bat eta luxuzko 228 etxebizitza eraikitzeko. Konpainiak 2021eko apirilean sartu zituen hondeamakinak Aroztegia deituriko landa-eremuan, baina hamahiru egunez luzatu zen kanpaldi bati ekin zioten hainbat eta hainbat lagunek, makroproiektua geratzeko asmoz. Une honetan, geldirik dago obra, eta Nafarroako Gobernuari 43 milioi euroko kalte-ordainak eskatu dizkio Palacio de Arozteguia SMk.

Babes zabala

Euskal Herri osoko 140 bat kolektibok eta mugimenduk babestu dute atzoko manifestazioa, tartean, Gaztetxe eta Gazte Asanblada ugarik, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), Ikasle Abertzaleakek (IA), Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB), Itaiak, Euskal Herria Bizirik plataformak, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek, Araba Bizirikek, Malerreka Bizirikek, Sañu Bizirikek, Sustrai Erakuntzak, Urumeako Mendiak Bizirikek eta abarrek.

EZ DAGO IRUZKINIK