Aroztegiaren aurkako ekintzetan parte hartu zuten sei lagunen aurkako epaiketa hasi da gaur goizean Nafarroako Auzitegian. Proiektu urbanistikoaren aurkako kanpaldi baten harira inputatu zituzten, eta derrigortze delitu bat leporatzen diete, lanak gelditzeko egindako ekintzengatik.
Aroztegia jauregiaren inguruko proiektu urbanistikoa aspaldikoa den arren, iazko apirilean hasi zituzten lanak Lekarozen (Nafarroa). Aroztegia SM enpresak luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta golf zelai bat eraiki nahi ditu han, eta proiektuaren aurka agertu izan dira inguruko zenbait biztanle. 11 eguneko kanpaldi bat egin zuten lanak hasi bezain pronto, eta gaur ekin diote horietan parte hartu zuten sei lagunen aurkako epaiketari.
Aroztak plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute auzitegiaren atarian, inputatuei elkartasuna adierazteko.