AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/17 15:07

Arma nuklearretarako mundu mailako gastuak %13,4 egin zuen gora 2023an. Osotara 91.400 milioi dolarrera iritsi zen, aurreko urtean baino 11.800 milioi gehiago. Bederatzi herrialdek dituzte arma nuklearrak, ofizialki: AEB, Errusia, Frantzia, Erresuma Batua, "Israel", Pakistan, India, Ipar Korea eta Txinak.

AEB dira, zalantzarik gabe, inbertsiorik handiena egin dutenak. Izan ere, 2023an, 51.500 milioi dolarreko gastua izan zuen. Txina bigarrena da, baina desberdintasuna handia da: 11.900 milioi dolar gastatu zituen iaz, AEBen laurdena, hain zuzen.

Zerrendako hurrengo herrialdeak Errusia eta Erresuma Batua dira: 8.300 eta 8.100 milioi dolar xahutu dituzte, hurrenez hurren. Frantzia da bosgarrena, 6.100 milioi dolarreko gastuarekin; eta, azkenik, Indiak, Pakistanek eta Ipar Koreak 2.700 milioi, 1.000 milioi eta 586 milioi dolar gastatu dituzte arma nuklearretan, elkarren segidan.

Modu horretan, azken bost urteetan, gora besterik ez du egin arma nuklearren gastuak. International Campaign to Abolish Nuclear Weapons (ICAN) kanpainaren arabera, 23.200 milioi dolarreko igoera bat izan da 2019tik; osotara, 387.000 milioi dolar bideratu dira arma nuklearrak ekoiztera edo sektore horretako horniketetara, azken bost urteetan. 2023ko igoera, zentzu horretan, esanguratsua da, azken bost urteetako gastuaren igoeraren erdia iaz izan zen-eta.

Estatu sionistak 1.100 milioi dolar inbertitu ditu

Israelgo Estatu sionistak ez du ofizialki arma nuklearrak dituela aitortu, baina ICANek nabarmendu duenez, gastu militarraren %5 zuzentzen du horrelako armak ekoiztera edo erostera. Hala, horretan 1.100 milioi euro xahutu zituen estatu sionistak 2023an eta, beraz, gastuari dagokionez, nazioarteko zazpigarren herrialdea da zerrendan.

AEBek eta Errusiak dituzte ojiba gehienak

Stockholm International Peace Research Institute (SIPRI) erakundeak berriki argitaratu du nazioarteko "segurtasuna", armatzea eta armagabetzea ikertzen dituen urtekaria. Arma nuklear erreserbak herrialdeka zerrendatzen dira dokumentuan, besteak beste, eta datuak argiak dira. Bai AEBek bai Errusiak pilatzen dituzte arma nuklear gehien.

Errusiak 5.889 ojiba ditu eta, AEBek, aldiz, 5.244. Azaldu dutenez, bi herrialdeek "ojiba nuklearrak ordezkatzeko eta modernizatzeko programa zabalak" dituzte, bai eta "bektore balistikoak, airekoak eta urpekoak" ere. Txinari dagokionez, arma nuklearren "modernizazio eta zabalpen" fasean dagoela azpimarratu du SIPRIk, eta datozen urteetan Errusiarekin zein AEBekin parekatzea espero dela. Gainontzeko herrialdeen armategiak "murriztuak" diren arren, sistema berriak garatzen ari direla uste da, eta, beraz, armatze nuklearra joera orokor bat bilakatzen ari da.

EZ DAGO IRUZKINIK