Amerikako Estatu Batuek eta Iranek aurreko larunbatean izan zuten Errepublika Islamikoaren programa nuklearrari buruzko elkarrizketa berrien lehenengo txanda, Mascaten (Oman). Abbas Araqchi Irango Atzerri ministroak eta Steve Witkoff AEBetako ordezkariak gidatuko dute negoziazio-taldea, eta aurreneko bileraren ostean adierazi zuten "positiboa" izan zela "elkarrizketen giroa". Itxura denez, mahai gainean dago Irani ezarritako zigor ekonomikoak atzera botatzea.
Donald Trumpek 2018an erabaki zuen Ekintza Integraleko Planetik alde egitea. 2015ean sinatu zuten plan hori Mendebaldeko potentziek eta Iranek, eta, horren bidez, Iranek konpromisoa hartu zuen programa nuklearra "helburu baketsuetara" soilik bideratzeko, Mendebaldeak ezarritako zigor ekonomikoak kentzearen truke. Trumpek 2018an akordioa bertan behera utzi zuenetik, ez dute auziaren inguruan gehiago hitz egin, joan den asteburura arte.
AEBetako presidenteak, baina, mehatxuzko tonu bat mantentzen du, iradoki baitu Iranen aurkako ekintza militarrak jar ditzakeela martxan negoziazioetan akordiorik ez bada. "Uste dut guztientzat dela hobea akordio batera iristea", esan zuen aurreko astean.
Nazioarteko tentsioa gora egiten ari den testuinguruan, Irango Errepublika Islamikoak bere programa nuklearra eta doktrina militarra alda ditzakeela ohartarazi dute azkenaldian, AEBen eta Israelgo Estatuaren mehatxuak gauzatzen badira behintzat. Yadollah Javani jeneralak berriki adierazi du Iran "aro berri" batean sar daitekeela, garapen nuklearrari dagokionez.
Dena den, momentuz, aurrera egingo dute Iranen eta AEBen arteko elkarrizketek. Badirudi larunbat honetan izango dela bigarren bilera, Erroman. Irango ministro Araqchik, gainera, horren aurretik bidaiatuko omen du Errusiara, Washingtonekin izandako elkarrizketen berri emateko Errusiako Gobernuari, hainbat iturriren arabera.