AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/04 13:56

Inbertsioa logelakako alokairuan (Inversión en alquiler por habitaciones). Izen hori dauka Madrilgo 2.000 errentatzailek baino gehiagok Telegram aplikazioan daukaten taldeak. Madrilgo Maizterren Sindikatuak jakinarazi du talde hori martxan dagoela, eta etxejabeek inpunitate osoz hitz egin dutela bertan euren jardun espekulatiboaren inguruan eta egindako lege-urraketen inguruan. Are gehiago: etxebizitzaren bidez negozioa egiteko estrategiak partekatzen dituzte taldean.

"Argi dago denok ibiltzen garela [legezko] mugatik gertu edo hirigintza-arau batzuk urratzen ditugula", dio taldeko errentatzaileetako batek, adibidez. Besteak beste, lasaitasun osoz aitortzen dute ez dituztela etxeen bizigarritasunari buruzko baldintza guztiak betetzen, edo azaltzen dute euren mesederako dela alokairu-kontratuak logelaka egitea, kode zibila aplikatzen delako kasu horretan, eta ez Hiri-Errentamenduen Legea (LAU, gazteleraz).

Telegram talde horretan ikus daitekeenez, alokatzaileak dira askotariko gobernuek hitzemandako neurriei buruz barre egiten lehenengoak, horien eraginkortasun faltagatik edo, zuzenean, bete gabe geratu diren promesak direlako. Taldeko partaideetako batek, esaterako, aipatzen du hogei urte daramatzala etxebizitza hutsen kontrako neurriak etorriko direla entzuten, baina gero horretan geratzen dela guztia.

Etxebizitzaren kontura aberasten

Etxejabeek negozioa egiteko daukaten estrategietako bat da, bistan denez, alokairuen bidez lortutako diruarekin etxe gehiago erostea. Hainbatek taldean azaldu dutenez, hipoteka bat eskatuta erosi dute etxe bat, alokairuan jarri dute hura eta, gero, maizterrek ordaindutako alokairuei esker, beste hipoteka bat eskatu dute; zer eta bigarren edo hirugarren etxe bat erosteko, eta hori ere alokairuan jartzeko.

Gainera, alokatzaileek harrotasunez esaten dute etxebizitzarekin negozioa egiteari esker bizi eta aberasten direla: "Okerragoa izango litzateke [...] gustuko ez duzun lan bat izatea, egunero goiz jaikitzea", "Duela hiru hilabete utzi nion lan egiteari eta ez daukat inoiz horretara bueltatzeko asmorik", eta abar.

Komentario arrazistak eta matxistak

Hori gutxi balitz, maizterrei buruzko iruzkin diskriminatzaile ugari egiten dituzte taldean; bai komentario matxistak, bai arrazistak. "Sekula ez nuke sartuko emakume bat [alokatutako etxean], are gutxiago seme-alabekin [...]", zioen taldean etxejabeetako batek.

Bestalde, eta dagoeneko aski jakina den bezala, aipatutako Telegram taldean agerian geratzen dira errentatzaile andanak izaten dituen filtro arrazistak. "Eskaria dago baina marokoar asko", "Nik ere ez diet marokoarrei alokatzen", eta abar irakurri ahal dira bertan.

EZ DAGO IRUZKINIK