Nazioarteko Diru Funtsak (IMF, ingelesez) gogo biziz begiratzen ditu Javier Mileiren gobernuaren neurri ekonomikoak, krisi kapitalista bete-betean. Antza, "espero baino emaitza hobeak" lortu ditu Argentinako gobernuak azken bost hilabeteetan, erakunde internazionalaren esanetan.
Kalean eta langileen egunerokoan, aitzitik, politika ekonomikoen ifrentzua igarri da. Langileria etenik gabe pobretzen jarraitzen dute, eta badirudi azken neurriak ere laguntzen ari direla esku-hartze horretan are azkarrago sakontzen: pobreziaren tasak %8 egin du gora azken hiru hilabeteetan. Urtarrilean baino 3,5 milioi pertsona gehiago daude, beraz, pobreziaren atalasearen azpitik.
Ustez inflazioa txikitzea helburu, zorra txikitzera behartuta dago Argentina, eta bi neurri nagusi jarri zituen martxan Askatasuna Aurrea Doa alderdiaren gobernuak. Lehenik, peso argentinarraren balioa %51 jaitsi zuen eta, bigarrenik, gastu publikoa biziki murriztu zuen.
Politika horiek ezarri eta, urtarrilean, 4.700 milioi dolarreko mailegu bat jaulki zuen IMFk, Argentinak zorra ordaindu ahal izateko. Baina mailegu hori, erakunde internazionalak egin ohi duen bezala, baldintzapean eman zuen. Hainbat "xede" ezarri ditu trukean erakundeak; besteak beste, defizit fiskala txikitzea, nazioarteko erreserbak indartzea edota inflazioa txikitzea.
Argentinako langileen egoera, okerrera
IMFren "egonkortze-plana" iruntziz gero, errealitatea bestelakoa da. Gobernua pobreziaren tasaren emaitzak apaintzen saiatzen bada ere, Argentinako Unibertsitate Katolikoak argitaratutako emaitzek errealitate gordina azaleratzen dute: abenduan argentinarren %49,5 zeuden pobreziaren atalasearen azpitik eta, urtarrilean, %54,7ra igo zen tasa hori.
Unibertsitateak azaldu duenez, datu horiek 2002ko corralitoaren krisiaren garaikoak baino okerragoak dira. Osotara 27 milioi pertsona jotzen dira pobretzat Argentinan, eta 46 milioikoa da biztanleria osoa.