Arcelor Mittal multinazionalak ostegunean jakinarazi zuen enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztuko duela, Legasako (Nafarroa) jarduera Aguraingo (Araba) lantokira lekualdatzeko, eta Nafarroako fabrikan ekoizpenean aritzen diren 33 langile kalera bidaltzeko. Denera, 45 behargin dira bertan, eta ekoizpeneko guztiei eragingo die neurriak (altzairuzko produktuak egiten dituzte). Izan ere, enpresako zuzendaritzak erabili duen argudioa izan da ekoizpen-jarduera Agurainen kontzentratu nahi duela, eta margoketa-lanak eta jarduera komertziala besterik ez dituela mantenduko Legasan.
Zuzendaritzak bi lantegietako langile-batzordeei eman die bere asmoen berri, eta orain hasiko dituzte elkarrizketak. Hainbat iturriren arabera, beharginen tokialdaketak eta behartutako aurretiko erretiroak proposatuko ditu enpresak, "posible den kasuetan". Nafarroako Gobernuak ere esan du negoziazio-mahai bat sortuko duela, Arcelorreko espedientearen inguruan hitz egiteko. "Albiste txarra bada ere, Nafarroak industria asko du, eta nazioarteko testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, normala da enpresek ere ondorioak jasatea", esan du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun sailburuak.
Zumaian (Gipuzkoa) ere, bestalde, kaleratze gehiago iragarri dituzte. Badirudi herri horretako Talleres de Mecanizados Auxi, Assembly eta Rollin Min fabrikak jopuntuan jarri dituela BSTechek (Sarralle enpresa-taldearen parte da), eta horietan jarduten duten 24 langile kaleratzeko prozesuari ekin diola. Hiru horien artean, Auxi eta Assembly izango lirateke kaltetuenak: ia bi plantilla osoak kanporatu nahi dituzte, hamarna bakoitzean (gaur egun hamalau eta hamasei langile dira denera, hurrenez hurren). Seinalatutako gainerako lau beharginak Rollin Minekoak dira.
Asteazkenean eratu zituzten lan-erregulazioko espedienteari buruz mintzatzeko negoziazio-mahaiak. BSTechek "arrazoi ekonomikoak" hartu ditu aitzakiatzat, kanporatzeak justifikatzeko. Hala ere, kaleratzeei aurre egitea eta euren lanpostua defendatzea erabaki dute langileek, Auxiko plantillak Zumaiako GUKA hedabideari jakinarazi dionez.