AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: okdiario
2019/12/23 16:28

Arcelor Mittalek Agurainen (Araba) duen lantegia itxiko duela jakinarazi du; logistika planta, hain zuzen ere. Hilaren 17an lantegiko zuzendaritzak langileen ordezkariak deitu zituen, aurretik azalpenik eman gabe. Oraingoan, 54 langile kalean utziko dituela iragarri du, lan-erregulazio txosten baten bidez.

Beharginen esanetan, enpresa jakinaren gainean egonda ere, data hauek hautatu ditu lantegiaren itxieraren berri emateko. Bestalde, langileak erabakiarekin desados agertu dira; izan ere, 15 lankide kaleratuko dira, egun daukaten lan kargaren aurrean. Borroka abiaraziko dute haien lanpostuen defentsan eta, planta ixten bada, "guztiontzako irteera duin bat lortzeko" borrokatuko dute. Halaber, antolatuko dituzten mobilizazioetan babesa ematera dei egin diete aguraindarrei.

ELA sindikatuak zabaldutako agiri batetan argitu den legez, "historia errepikatu da". Orobat, sektoreko multinazional nagusia den heinean, Aguraingo planta bat lanez hornitzeko gai dela ziurtatu du.

Iraganetik datorren borroka

Jakinarazpena ez da kontu berria, orain dela bost urte, berdina jazo zen. 2014ko abenduan lantegiaren itxiera iragarri zien enpresak, kasu horretan, 60 langile ingururi.

Garai hartan, negoziazio eta mobilizazio andana eraman zituzten aurrera beharginek eta, azkenean, lantegia ez ixtea eta 19 lanpostu mantentzea lortu zuten. Halaber, zenbait behargin Euskal Herriko beste lantegietara mugitzea eta beste batzuek lanpostua uztea erdietsi zuten. Dena den, enpresak "inbertsiorik gabe, etorkizunerako plangintzarik gabe" utzi zituela salatu dute langileek.