AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza. Argazkia: Berria
2019/11/12 11:17

Egia bihurtu dira urria amaieran EFE agentziak argitara ateratako iragarpenak. Jon Enparantza preso politikoa Zaballako (Araba) kartzelatik Estremerara (Madril) lekualdatu bezain pronto, EFEk azaldu zuen Arantza Zulueta ere aurki urrunduko zutela, Valentziara. "Iturri judizialak" aipatu zituen baieztapena egiteko. Atzo, azaroak 11, zurrumurrua baieztatu zuten; hain zuzen, Valentziako espetxera mugitu zuten Zulueta.

Irailaren 30ean kartzelaratu zituzten Enparantza eta Zulueta, 11/13 sumarioaren harira, 47 auzipetuek eta Espainiako Audientzia Nazionaleko fiskaltzak adostutako akordioaren barruan. Izatez, bost hilabeteko kartzela zigorra betetzeko sartu zituzten biak Zaballako presondegian, baina urria amaieran Estremerara urrundu zuten Enparantza, haren senideek "bahiketa" modura salatutako mugimenduak tartean. Donostiarraren lekualdaketa gauzatu eta bi astera izan da preso politiko bilbotarraren urruntzea.