Arabako metaleko langileak grebara deituta zeuden irailaren 21erako, 22rako eta 23rako, baina azken unean bota zuten atzera greba deialdia, aurreakordio bat adostu zutelako patronalek eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuek; ELAk ez du bat egin. 2022tik 2025era bitartean indarrean egongo litzatekeen hitzarmenaren abiapuntua da aurreakordio hori, eta besteak beste, ustezko soldata-igoera bat jasotzen du. Dena den, errealki, sektoreko beharginen %90i ez diete igoera hori aplikatuko.
ELAk jakinarazi duenez, azken urteetan soldata-igoera konkretuak hitzartu dituzte enpresa ugaritan, lekuan leku. Hortaz, itun propio horiek dituzten enpresetako beharginei ez die eragiten berriki adostutako igoerak, tokian toki soldatei lotutako irizpide propioak dituztelako jada. Horixe da, hain zuzen, hainbat enpresa handiren egoera; esaterako, CIE taldearena nahiz Aernnovarena, baina baita "enpresa ertain eta txiki gehienena" ere, ELAren esanetan. Sindikatu horrek nabarmendu du, gainera, aurreakordioak oinarri modura hartu dituen soldata-taulak 2017an UGTk eta CCOOk adostutakoak direla, eta taula horien "gainetik" daudela lekuan lekuko akordio propioetako soldata-taulak.
Sektoreko beharginek egindako beste hainbat aldarrikapen ere ez ditu kontuan hartzen aurreakordioak; esaterako, "bajaren osagarriak gaixotasun arruntetan" edota ituna ez aplikatzeko arriskuari aurre egiteko bermeak. Horretaz gain, lanaldietarako adostutako murrizketak "ez dira nahikoak", ELAren arabera. "Azken buruan, Arabako metalak Euskal Herri osoko soldatarik baxuenak eta lanaldirik luzeenak izaten jarraitzen du", dio.