Langile Kontrolpeko Espazio berri bat zabaldu dute Euskal Herrian: oraingoan, Gernikako (Bizkaia) Gaztetxe zaharra berreskuratu du Egurre Gazte Asanbladak. Duela hamar urte itxi zuten espazioa eta hutsik egon da ordutik, baina askotariko erabilerak emateko hartu dute berriz gazteek. "Gazteok batzeko eta elkar harremantzeko", "antolakuntza politikoa sustatzeko", "aisialdia eta ekimen kulturalak antolatzeko" eta "kirola egitera bideratutako" espazio bat izango da Gaztetxea, eta liburutegi modura ere erabiliko dute.
Egurre Gazte Asanbladak larunbat gauean eman zuen irekieraren berri, Inposatu nahi diguten Gernikaren aurrean gazteok kaleak hartu lelopean egindako egun osoko egitarau baten ostean. Hurrengo egunerako, iganderako, lan-saio batera eta asanblada ireki batera deitu zuen, eta gazte ugari bertaratu ziren. Hala, apirilerako Gaztetxean antolatutako egitarauaren berri eman eman du jadanik asanbladak.
Gaur, bihar nahiz etzi espazioa txukuntzeko eta egokitzeko lan-saioak egingo dituzte goizez, 10:00etan hasita (bihar, gainera, arratsaldez ere arituko dira lanean). Horretaz gain, asanblada egingo dute gaur arratsaldean, eta mus eta briska txapelketak asteazken arratsaldean. Ostegunean, Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira, proiekzio bat eta elkartasun-argazki bat izango dira, eta ostiralean, berriz, brindisa eta musika-emanaldiak. Larunbatean mural margoketa eta gazte-afaria egingo dituzte, bingo musikatuarekin.
Hurrengo asterako ere prestatu dituzte hainbat ekimen asanbladatik. Hilaren 24an, ostegunez, pintxo-potea eskainiko dute, eta 25ean magia-ikuskizun bat izango da. Apirilaren 26an, gainera, Egun Antifaxista egingo dutela aurreratu dute.