AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/02 12:24

Datozen egunetan, hiru lanuzte egingo dituzte Basauriko (Bizkaia) Bridgestone enpresako langileek, zuzendaritzak iragarritako kaleratze masiboaren aurka. Printzipioz, apirilaren 8an, 11n eta 15ean izango dira lanuzteak. CCOO, UGT, ELA eta BUP sindikatuek osatzen dute Basauriko langile-batzordea, eta iritzi diote lanuzteak "nahikoa" izan daitezkeela "zuzendaritzak bere jarrera birplanteatzeko eta atzo aurkeztutako proposamena bertan behera uzteko".

Sindikatuen esanetan, zuzendaritzak negoziatzeko aukera irekiko balu, bertan behera utzi edo atzeratu egin ditzakete greba-deialdiak. Oraingoz, baina, ez daukate hitzordurik jarrita. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, bilera bat eskatu dio Bridgestoneko zuzendaritzari. "Lan-taldearen doikuntza" (hau da, kaleratze masiboa) murriztea omen da gobernuaren asmoa, Mikel Jauregi sailburuaren esanetan.

2023aren amaieratik lan-erregulazioan egon ostean, enpresak atzo jakinarazi zuen kaleratze kolektibo bat ezarriko duela fabrikan: 335 behargin bidali nahi ditu kalera, plantillaren herena baino gehiago. Martxoaren 31n agortu zen zuzendaritzak aplikatutako azkeneko enplegu-erregulazioko espedientea, eta horren ondoren etorri da kaleratze masiboari buruzko albistea. Azkentzeko lan-erregulazioaren kontsulta-aldia herenegun ireki zen, eta 30 egun iraungo du berez, nahiz eta beste pare bat astez luza daitekeen.

Kantabriako Puente San Miguelen ere esku hartuko du enpresa-zuzendaritzak, 211 langile kaleratu nahi baititu bertan, plantillaren erdia. Basauriko beharginekin batera, Puente San Migueleko lantokikoek ere joko dute grebara hurrengo egunetan: 8an, 10ean eta 15ean izango dira haien lanuzteak.

EZ DAGO IRUZKINIK