AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Estella Digital
2025/02/18 18:18

Irailean plantilla osoa kaleratzeko enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu ostean, Gaztela eta Leongo Grupo Antolin enpresak iazko urrian jakinarazi zuen Arazuri-Orkoiengo (Nafarroa) lantegia itxi eta 108 beharginak kalera bidaliko zituela. Automobilgintzarako teilatu-altxagarriak, panelak eta sabaiak ekoizten zituzten Antolinen, eta Nafarroako Volkswagen izan zen bere bezero nagusia bi hamarkadaz.

Volkswagenek, baina, sektorearen elektrifikazioa eta auto elektrikoen aldeko hautua erabili zituen argudiotzat Antolinen hornidura baztertzeko, eta horrek zuzenean eragin zituen Orkoiengo plantaren erorketa eta kaleratze masiboa, ia oposiziorik gabe: enplegu-erregulazioko espedientea berretsi eta sinatu zuten UGT eta USO sindikatuek. UGTko hiru ordezkarik, USOko bik eta ELAko lauk osatzen zuten langile-batzordea.

ELAk ez zuen itxiera-akordioa babestu, eta salatu zuen inork ez zituela egiaztatu fabrika zarratzeko ustezko arrazoiak. Gaineratu zuen ez Grupo Antolineko zuzendaritzak ez Nafarroako Gobernuak ez zutela argitu lantokian egiteke geratu zen lana nork hartuko zuen bere gain. Baina orain, hilabete gutxian, badirudi argiago dagoela zer gertatuko den: bat-batean jakinarazi dute Aragoiko enpresa batek, Grupo Sesék, fabrika alokatu duela eta aurki jarriko duela berriz martxan, nahiz eta euren lanpostua galdu zuten Antolineko 108 langileek.

Navarra Capital komunikabideak eman du esklusiba. Itxura denez, iaz Antolinen hornidura errefusatu zuen enpresa berak, Volkswagenek, hainbat kontratu adostu ditu jadanik Grupo Sesérekin, kotxe elektrikoen merkatuari begira. Hala, Aragoiko konpainiak orain arte Antolinena izandako fabrika eskuratu du (Construcciones San Martin enpresa da jabe legala eta hari alokatu dio espazioa), bere bigarren azpiegitura izango dena Arazuri-Orkoiengo industrialdean. Badirudi Volkswagenen Landabengo (Iruñerria, Nafarroa) fabrikan egin eta 2026an merkatura jaurtiko dituzten auto elektrikoak ekoizteko arituko direla besoz beso Alemaniako multinazionala eta Grupo Sesé, denbora luzez beste jardun batzuetan ere lankidetzan ibili ostean.

Teruelen sortu zuten Grupo Sesé duela sei hamarkada, eta, gaur egun, 11.000 langilek baino gehiagok egiten dute lan beretzat. Europan, Amerikan, Asian nahiz Afrikan ditu negozioak, eta jatorrian errepide bidezko merkantzien garraioan aritzen bazen ere, duela 30 bat urte zabaldu zuen bere jarduna: industrian eta esparru logistikoan sartu zuen muturra.

EZ DAGO IRUZKINIK