AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/30 00:02

Azpeitiko (Gipuzkoa) Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak iragan astean jarri zuen abian Antolakuntzari salbuespenik ez! dinamika. Bizi dugun "salbuespen egoeraren" harira ekin diote lanketari, Gazte Koordinadora Sozialistak Burgesiaren ofentsiba gelditu! izenpean martxan jarritako salaketa kanpaina politikoaren baitan.

Ahotsak

Krisiaren Seme-Alabek egingo duten lanetako bat krisialdi egoera jasaten ari direnen testigantzak biltzea izango da. "Neurri ekonomikoen ondoriozko kasuak edota arlo sozial zein politikoan gertatzen diren koertzio kasuak" kontatzeko beharrari erantzun nahi diote modu horretan; izan ere, "EREek, ERTEek, kaleratzeek edota konfinamenduak hainbat familiaren egoerak larriagotuko ditu" sare sozialistaren ustez.

"Indarkeria kasuak, kutsatzeko arriskuan bizi direnen kasuak… Kasu horiekin guztiekin herriaren argazki orokor bat egin nahi dugu, langileriak bizi dituen kasu desberdinak publikoki salatzeko", azaldu dute.

Elkarrizketak

Horretaz gain, dinamikaren barruan, "egunotako hedapen mediatikoari kontrajartzeko", "hainbat jakintza arlotako adituekin" elkarrizketak egiteko asmoa dute Krisiaren Seme-Alabek, "kritikotasunez erantzuteko egungo testuinguruari". Hala, astean bitan, ikus-entzunezko saio bat argitaratuko dute sare sozialetan. Orain arte egindakoak ikusgai daude jada, sare sozialistaren Youtube kanalean.

Dinamikaren aurkeztean esan zutenez, finean, "langileen auto-antolakuntza eta klase elkartasuna hauspotzeko" ekarpena egiten ahaleginduko dira egunotan. "Kontrajarritako interesak dauden joko-zelaian" gaudela azpimarratu dute, eta beraz, beharrezkoa dela "independentzia politikoaz jardutea".