AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/10 14:14

SATeko hiruak epaituko dituzte Granadan ostiral honetan, irailaren 13an. La Caletako epaitegietan izango da hiru sindikalisten kontrako saioa, eta protestara deitu du Andaluziako SAT sindikatuak: goizeko 08:30ean epaitegi aurrera bertaratzeko deia egin du. Bezperan ere izango da mobilizazio bat, 20:00etan, gobernuaren Granadako ordezkariordetzan.

Andaluziako Juntak bost urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu auzipetutako lagunentzat, 2021ean, Granadan izandako kaleratze baten kontra antolatzeagatik. Kaleratutako behargina eta berekin elkartasunez borroka egin zuten bi pertsona dira auzipetuak.

Borroka 2021ean

Garaian, kaleratu egin zuten Andaluziako Juntaren Turismo Ordezkaritzan garbiketa-lanetan aritzen zen behargin bat. 11 urte zeramatzan bertan lanean, baina bota egin zuten, Turismo Ordezkaritza lekualdatu zutenean eta garbiketa-zerbitzuaz arduratzen zen enpresa aldatu zenean.

Bera izan zen prozesu horretan kaleratutako langile bakarra, eta ordezkari sindikala zen. Beraz, SATek salatu zuen sindikalismoaren kontrako errepresio kasu bat izan zela hura, seinalatuta bere lan sindikala zela-eta kanporatu zutela behargina. Borrokara jo zuten kaleratutako langileak eta beste hainbat lagunek, bere lanpostuaren defentsan.

Astero izaten ziren mobilizazioak horri lotuta, eta 2021eko martxoan, Turismo Ordezkaritzara sartu ziren hainbat pertsona, delegatu arduradunari bilera bat eskatzeko, idatzi baten bitartez. Besteak beste, kanporatutako beharginarekin elkartasunez, pankarta bat jarri zuten egoitzan. Poliziak ez zuen esku hartu.

Handik hainbat egunera jaso zuten zitazio judizial bat langileak eta beste bi lagunek. Hala jakin zuten euren kontrako salaketa bat jarri zuela Andaluziako Juntak, hainbat delitu leporatuta: "desordena publikoak" eragitea, "hertsapenak eta mehatxuak" egitea, eta "pertsona juridiko baten etxera indarrez sartzea". Horren harira epaituko dituzte orain.

EZ DAGO IRUZKINIK