AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/11 13:50

Europar Batasunean, soldatapeko lanari lotutako 13.530 mesotelioma kasu aurkitu zituzten 2013tik 2021era bitartean, Eurostaten datuek erakusten dutenez. Lanari hertsiki lotutako minbizien artean nagusi da gaitz hori, birika-minbiziarekin batera. Bigarrenari dagokionez, epe berdinean, 13.944 kasu erregistratu zituzten Europar Batasuneko beharginen artean, mesotelioma kasuak baino 414 gehiago.

Amiantoak eragindako minbizia bat da mesotelioma. Lehen ohikoa zen amiantoa erabiltzea zoruak, sabaiak eta teilatuak egiteko, baina gaur egun, teorian, debekatuta dago substantzia hori.

Italia, Alemania, Frantzia eta Espainiako Estatua, kasu gehien dituzten herrialdeak

2005ean debekatu zuten amiantoaren erabilera Europar Batasunean, baina mesoteliomaren sintomak hamarkada asko pasatu arte ez dira antzematen. Horrela, ehunka kasu identifikatzen dituzte urtean, amiantoarekin kontaktua izan eta bi hamarkada beranduago hainbat kasutan.

2021ean, adibidez, 2.380 pertsona hil ziren mesoteliomak jota Europar Batasunean. Italia, Alemania, Frantziako Estatua, Espainiako Estatua eta Herbehereak buru izan ziren rankingean. Hurrenez hurren 518, 400, 329, 212 eta 173 langile hil ziren herrialde horietan, amiantoak eragindako minbiziagatik. 

700 pertsona baino gehiago hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

ASVIAMIE Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartearen arabera, gutxienez 768 langile hil dira EAEn amiantoak kutsatuta. Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresako beharginak omen dira, batez ere, kaltetuenak. CAFeko 56 langile amiantoa zuten trenak desmuntatzeagatik hil dira, amiantoarekin kontaktuan egon ostean. Gainera, hiru beharginen bikotekideek ere galdu dute bizia amiantoak eragindako minbiziagatik, langileen laneko arroparekin denbora luzez kontaktuan egon eta gero.

Nahiz eta ez dagoen Nafarroako datu zehatzik, iaz egindako kalkuluek seinalatzen zuten 3.200 inguru direla amiantoak kaltetutako langileak. Izan ere, horiek dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan-Osasunaren erregistroan agertzen diren beharginak, baina gehiago izan daitezke egiaz. Itxura denez, amiantoa duten 6.370.000m2 uralita daude Nafarroa osoan, baita 566km kanalizazio ere.

EZ DAGO IRUZKINIK