Euskal Herrian 904 langile ditu soldatapean Ambuiberica enpresak, eta arriskuen prebentzio-neurriak behin eta berriz hautsi dituela salatu dute beharginek. Pandemia garaian egoerak okerrera egin duela azpimarratu dute: azken hilabeteetan 178 langilek eskatu dute gaixo-agiria, SARS-CoV-2 birusarekin kutsatu direlako edo behartutako gehiegizko lan-kargak eraginda lesioak izan dituztelako.
Langileek greba egingo dute uztailaren 20tik 27ra, eta modu horretan, anbulantzien sektorea publiko bihurtzea eskatuko dute, baita langile publiko izaera lortzea ere. Bestalde, behargin kopurua handitzea ere jo dute helburutzat, gehiegizko lan-kargarekin amaitzeko eta haien osasuna bermatzeko.