Amazon enpresak jakinarazi du energia berriztagarriko hamabi makroproiektu abiatu nahi dituela Espainiako Estatuan. Nafarroa ere begiz jo du horretarako: "eskala handiko" bi parke fotovoltaiko egin nahi ditu bertan, osotara, 72 megawatteko potentzia izango dutenak. Horiexek izango dira Amazonek Nafarroan martxan jarriko dituen gisa horretako lehen proiektuak, nahiz eta oraindik ez duen zehaztu non eraikiko dituen, seguruenik, lur-eremu ikaragarri zabalak beharko dituzten instalazio horiek.
Espainiako Estatuan, energia berriztagarriari lotutako 79 proiektu gauzatu ditu jadanik enpresa erraldoiak, bere jarduera komertziala sostengatzeko: 49 off-site instalazio (bederatzi parke eoliko eta 40 parke fotovoltaiko) eta 30 eguzki-teilatu bere eraikinetan. 2023an, eguzki-energiako eta energia eolikoko 100 proiektu sustatu zituen; gaur egun, guztira, mota horretako 500 egitasmo ditu martxan mundu osoan. Enpresak dio energia berriztagarriaren erabilera bultzatu nahi duela, 2025erako, mundu mailan erabiltzen duen elektrizitate kantitatera hel dadin.
"Bultzatzen ari garen eguzki-energiako eta energia eolikoko proiektuek gure operazioak hornitzen laguntzen digute, baita sareari energia garbia ematen eta gure langileak eta bezeroak bizi diren eta lan egiten duten komunitateen hazkunde ekonomikoa babesten ere", esan du Mariangela Marsegliak. Bera da Amazoneko presidenteorde eta zuzendari nagusia Espainiako Estatuan, Italian eta Portugalen. Energia berriztagarriko proiektuei esker, enpresaren logistika-zentroak, Amazon Web Services datu-zentroak eta dendak hornitzen ari dira jadanik.
Beste hamaika enpresak azken urteetan egin duten bezala, bere jardun kapitalistaren barruan, energia berriztagarriaren inguruko hainbat konpromiso hartu ditu Amazonek. The Climate Pledge izenpean adostutako baldintzen barruan, 2040rako, karbono-isuri garbiak erabat eteteko asmoa omen du enpresak.