AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Sare Antifaxista
2020/09/01 12:32

Aurreko larunbatean, abuztuak 29, ehunka pertsonak egin zuten bat Altsasuko (Nafarroa) Ospa Egunean. Ospa mugimendu antierrepresiboak modu horretan eman zion amaiera hilabete osoan zehar egindako lanketari, hainbat komunikabidek nahiz Poliziak ekimenaren aurka egindako kanpainaren erdian. Besteak beste, JUCIL edota AUGC Guardia Zibilaren elkarteek eskatu zuten Ospa Eguna debekatzea, aurretik.

Larunbateko egitarauaren barruan, errepresio indarrek "alde egitea" eskatzeko manifestazioa izan zen. Guaixe-ren arabera, mila pertsona baino gehiago elkartu ziren Altsasuko kaleetan, eta errepresioarekin amaitzeko "antolakuntza eta borroka" aldarrikatu zituzten. "Ofentsiba kapitalista berri baten testuinguruan errepresioaren kontrako mugimendua indartzeko garaia da. Errepresioaren aurrean elkartasuna adieraziz, elkar babestuz, errepresio indarrak desobedituz, ziurikatuz, autodefentsa eraikiz, saretuz", adierazi zuten antolatzaileek.

Bestalde, Ospa mugimenduaren arabera, "eskubide politiko eta zibilen desagertze praktikoa ekarri duen salbuespen egoera ezarri" dute eta "langile klaseko sektore prekarioenek jasan" dituzte inposizio horren ondorioak. Erasoaldi horren baitan, "eraginkortasun errepresiboa hobetzeko neurriak hartzeari ekin diotela" ohartarazi zuen. Osparen esanetan, kapitalismoaren sostenguan berebiziko funtzioak betetzen dituzte polizia indarrek eta, batik bat, Foruzaingoa, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila aipatu zituzten.

GUARDIA ZIBILAREN SALAKETA

Noticias de Navarra-ren arabera, Guardia Zibilak salatu egingo ditu Ospa Egunaren deitzaileak, osasun-neurrien urratzearen aitzakiapean. Egunkari horrek jaso duenez, Guardia Zibilak manifestazioa "zelatatu" zuen osasun-arautegia "betetzen zela ziurtatzeko", eta orain, antolatzaileak salatzea erabaki du, "neurriak errespetatu ez zirela" argudiatuta.

Antza, "maskarillen erabilpena" eta "segurtasun-distantzien mantentzea" hartuko dituzte aitzakiatzat. "Ekimena aldez aurretik ez jakinaraztea" eta "Guardia Zibilarekiko keinu lizunak" ere egotziko dizkiete.

GEDAR LANGILE KAZETAk jakin ahal izan duenez, uztailaren amaieran Guardia Zibilak hainbat gazte galdekatu zituen Etxarriko (Nafarroa) kaleetan. Bestalde, hilabete berdinean salatu zuten ehunka euroko isunak jaso zituztela bi altsasuarrek.

BABESA LIZARRATIK

Lizarrako (Nafarroa) Pikutara mugimendu antierrepresiboak bat egin zuen Osparen deialdiarekin. Bestetik, azkeneko hilabeteetan Lizarraldean polizia indarrek egindako kontrolen areagotzea salatu dute Pikutarako kideek. Haiek jasotako datuen arabera, maiatzean, ekainean eta uztailean 177 kontrol gauzatu ditu Guardia Zibilak, aurreko hiru hilabeteetan baino %36 gehiago. Foruzaingoak, aldiz, 111 kontrol jarri ditu, aurreko hiru hilabeteetan baino %30 gehiago.

EZ DAGO IRUZKINIK