Ikasle mugimenduaren kontrako errepresio kasu baten berri eman du Sakanako Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Joan den astearte goizean, Altsasuko (Nafarroa) FP Sakana LH ikastetxean, hainbat ikasle jazarri zituen Poliziak. Zehazki, kalez jantzitako hiru polizia-agente eta Foruzaingoaren bi kotxe bertaratu ziren zentrora, ikasleak atsedenaldian zeudenean. Hainbat ikasle miatu eta identifikatu zituzten poliziek, eta euren objektu pertsonalak ere arakatu zituzten.
IAko kideek nabarmendu dute honakoa ez dela halako eraso bat gertatzen den lehen aldia, eta "zuzendaritzak ez duela ezer egiten" horren aurka. Ikastetxeko zuzendaritza, beraz, "eraso horren erantzuletzat" jo dute, eta exijitu diote "jarrera konplizearekin amai" dezala eta "Poliziaren agerraldirik ez errepikatzeko bermeak jar" ditzala.
"Ikastetxeen joera autoritarioaren aurpegietako bat" dira aipatutako erasoak, IAren esanetan. "Poliziaren presentzia, ikasleen kontrolerako mekanismoen garapena eta eskubide politikoen urraketa dira, besteak beste, gazte langileok kriminalizatzeko eta despolitizatzeko bitartekoak", azaldu du.
Horri lotuta, Sakanan izan diren hainbat errepresio kasu ekarri dituzte gogora ikasleek: "presentzia poliziala BHI institutuan, Polizia Iturmendiko Gaztetxean sartzeko saiakerak, isunak eta abar". Hala, "betebehar" modura nabarmendu dute "krisi garai honetan izaten ari den autoritarismoaren normalizazio saiakera bakoitza salatzea eta borrokatzea".