AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/20 17:55

Hilabetean bigarrenez, erreprodukzioaren merkantilizazioaren kontra atera dira kalera Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako kideak. Ekainaren erdialdean, Bilboko (Bizkaia) Barceló Nervión hotel aurrean egin zuten protesta bat, laguntza bidezko ugalketarako ANACER elkartea egiten ari zen bilkuraren kontra. Atzo arratsaldean, berriz mobilizatu ziren Bizkaiko hiriburuan, baina Azkuna zentro aurrean oraingoan: atzo hasi zen, eraikin horretan, alokairu sabelei buruzko lehenengo nazioarteko kongresua. Erreprodukzioaren merkantilizazioa borrokatu! Alokairu sabelekin amaitu aldarritzat hartuta batu ziren protestara hainbat eta hainbat lagun.

"Kapitalismoak etengabe behar du bere etekin ekonomikoak areagotzen jarraitzeko merkatu-sektore berriak irekitzea. Alokairu sabelen merkatua botere-irrika hori elikatzeko beste aukera bat gehiago da, eta horri erantzuten dio praktika horren joera gorakorrak", salatu zuten atzo Itaiako kideek.

"Praktika horren normalizazioak gizarte mailako onarpena eskatzen du eta, horregatik, alokairu sabelen agentziek eta enpresek praktika solidario gisa saltzeko egiten duten lana handia da", gaineratu zuten: "Askotan antzutasuna, familia forma berriak zein bikote gabeko pertsonen egoerak erabili ohi dituzte fenomenoa justifikatzeko. Beste batzuetan, sabela alokatzen duten emakumeek harturiko erabakian jartzen dute fokua". Modu horretan, alokairu sabelena "ongiaren aldeko eta guztiz borondatezkoa den praktika gisa saltzen" dutela iritzi dio Itaiak.

Esplotazioa eta esklabotza

"[Alokairu sabelen] Prozesuaren deshumanizazioa muturrekoa da", Itaiak seinalatu duenez: "Kanpora begira horren polita dirudien praktika horrek milaka eta milaka emakumeren esplotazio erreproduktiboa legitimatzen du". Ohartarazi du kontratatzen diren emakume asko "esklabotza-egoeran mantentzen" dituztela haurdunaldiari lotuta, "inolako kontakturik gabe eta guztiz kontrolatuta". Kasu zehatz gehiago ere izan dituzte gogoan Itaiako kideek: "Asko engainatuak izan dira bizi hobe baten esperantza faltsuarekin; beste emakume batzuk bizi duten pobrezia egoeratik ateratzeko jotzen dute horretara; eta baten batek, akaso, diru-trukerik gabe haurduna izatea erabaki du".

Ohartarazi dute, dena den, egoera horiek ezin direla "forma isolatuan ulertu", "erreprodukzioaren merkatuaren existentziarako oinarrizkoak baitira eta, beraz, emakumeon zapalkuntza eta umeen salerosketa indartzen baitituzte".

Neurri antzuak

"Espainiako Gobernuak, aurten, alokairu sabelak 'emakumeon kontrako biolentzia' gisa definitu ditu", ekarri dute gogora Itaiako kideek: "Aldiz, gutxi egin du praktika hori desagerrarazteko, neurriak merkatu horren marketinaren debekura
mugatu baitira, praktikan inolako aldaketarik ekarri gabe". Bilbon alokairu sabelen inguruko nazioarteko kongresu bat egitea, hain zuzen, horren isla dela nabarmendu dute.

"Fenomeno horrekin amaitzeko modu bakarra, emakume langileok pobreziara kodenatzen gaituzten bizi-baldintzekin amaitzea da", aldarrikatu du Itaiak: "Norabide horretan, beharrezko ikusten dugu, gaurdanik, zapalkuntza betikotzen eta normalizatzen duten ideien kontrako borroka lehen lerroan jartzea eta emakumeok, plazer- eta erreprodukzio-makina iruditegia izatetik, zapalkuntzekin amaitzeko ekarpena egingo duten subjektu politiko izatera pasatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK