AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/15 10:44

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak maiatzaren amaieran jakinarazi zuen etxegabetua izateko arriskuan zegoela familia zaurgarri bat Salburua auzoan, tartean, bi urteko haur bat. Ekainaren 3rako ezarri zuten etxe-kaleratzea, baina hori geratzea lortu zuen sindikatuak. Dena den, hurrengo kaleratze-data zehaztuta dago jada: uztailaren 18a, datorren osteguna.

Alokabide sozietate publikoak jarri zuen martxan kaleratze-prozesua, arriskuan dagoen familiak nornanako baten iruzurra jasan ostean. Etxe batean alokairuan sartzen ari zela sinetsarazi zien iruzurgileak, horren truke, milaka euro eskatuta. Dirua kobratu eta inolako kontraturik sinatu gabe etxeko giltzak eman ostean, desagertu egin zen. Gero jaso zuen etxegabetze-demanda familiak.

Alokabidek kudeatzen du pisu hori, eta, orain, iruzurra jasan zuen familia bota nahi du etxetik, inolako bizitoki-alternatibarik bermatu gabe.

Alokabidek etxegabetu egiten du

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu du honakoa ez dela Alokabidek esku artean daukan etxegabetze bakarra. Halako beste bost kasuren berri izan du azken hilabeteetan, nahiz eta sindikatuko kideek horietako batzuk atzeratzea lortu duten jadanik.

Gogorarazi dute Etxebizitza Legeak zehazten duela, teorian, gizarte-zerbitzuak jarri beharko liratekeela jakinaren gainean halako kasuetan, helburu batekin: "Etxegabetze-prozesuan dagoen familiaren zaurgarritasun-egoera baloratzea, horrela, kaleratzea eten ahal izateko". Sindikatuak ezagutu dituen kasu guztietan, baina, kontrakoa gertatu da: ez Alokabidek ez epaitegiek ez diete egoeraren berri eman gizarte-zerbitzuei.

"Familiek kontraturik ez duten kasuetan, kasu honetan bezala, iruzurraren biktima izan direlako, Alokabidek zuzenean jotzen du prozedura judizialetara, bere barne-protokoloa aktibatu gabe", seinalatu du sindikatuak: "Entzungor egiten diote kaleratzen ari diren familiaren kalteberatasun-egoerari".

Salatu du, beraz, "Alokabidek ez duela inolako borondaterik egoera horiek pairatzen dituzten familia zaurgarriei irtenbide duin bat emateko". Sozietate publikoak 2023ko kudeaketa-memorian bertan aitortu zuenez, 80 etxegabetze-demanda jarri zituen martxan iaz, eta gutxienez 50 etxe-kaleratze gauzatu zituen, horietatik 21 Araban. Alokabidek kudeatutako etxeetan bizi diren pertsona gehienek bizi duten "egoera ekonomiko ezegonkorra" azpimarratu dute sindikatuko kideek.

Erakunde publikoak, erantzule zuzenak

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurreko astean jakinarazi zuen, joan den ikasturtean, 1.000 lagunek baino gehiagok jo dutela beregana. Euskal Herriko hainbat eskualdetan eta hiritan ari dira lanean lekuan lekuko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, tartean, Gasteizen.

Honakoa izan da, ikasturte honetan landutako kasuak aztertuta, sindikatuetako kideek atera duten ondorioetako bat: ikasturte honetan artatu dituzten etxegabetzeen %20,6 izan dira erakunde publikoek agindutakoak. "Are, erakunde publikoekin lotutako arazoen %70,2 etxegabetzeekin lotuta zauden", argitu dute.

Gogoan izan dute, hala ere, aste honetan etxegabetu nahi duten familiari norbanako batek egin diela iruzur: "Etxebizitza eskuratzeko zailtasunez baliatzen dira iruzurgileak, horrelako familiak egoera bereziki zaurgarrian jarriz. Horrelako praktika antriproletarioak salatzen ditugu".

Etxegabetzeari aurre egiteko deia ostegunerako

"Etxegabetze guztien berehalako eta baldintzarik gabeko etetea" exijitu du berriz Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizazio deialdi bat egin du aste honetarako: Salburuako etxegabetzea ezarrita dagoen egunean, hilaren 18an, kaleratzeari aurre egitera deitu du. Goizeko 10:30erako jarri du hitzordua, Salburua 64ko Bulebarrean.

EZ DAGO IRUZKINIK