AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/29 09:24

Alemanian dituen hamar lantegietatik gutxienez hiru itxi nahi ditu Volkswagenek. Horrez gain, soldata-murrizketak ezarri eta plantilla nabarmen murriztu nahi du, bere 85 urteko historian egindako berregituraketa garrantzitsuenetako bat izango litzatekeenaren barruan.

Daniela Cavallo langile-batzordeko presidenteak jakinarazi zien erabakia langileei, eta litekeena da konpainiaren hainbat arlotako milaka behargini eragitea neurriak. Aurreikuspenen arabera, Osnabrückeko lantegia izango da kaltetuenetako bat, eta gainerako instalazioek ere kaleratze potentzialei eta langile-murrizketei aurre egin beharko diete.

Volkswagenen barne-krisiak hainbat faktoreri erantzuten die antza, besteak beste, Europako energia- eta eskulan-kostu handiei, Asiako merkatuaren lehia biziari eta planifikatutakoa baino motelago aurrera egin duen ibilgailu elektrikoetarako trantsizioari.

Finantza-zailtasunak direla eta, enpresak IG Metall sindikatuarekin negoziatu du, proposatutako kaleratzeen eta soldata-murrizketen aurka baitago itxura denez. Datorren asteazkenean bilduko dira Wolfsburgon, negoziazioen bigarren saio batean. Soldata eta enplegu eskaerei buruzko akordiorik gabe amaitu zen lehenengoa.

Alemaniako gobernua kezkatuta agertu da Volkswageneko lanpostuak gal daitezkeelako, eta "lanpostuak babesteko" eskatu dio konpainiari. Olaf Scholz kantziler federalaren hitzetan, "Volkswagenen kudeaketa akatsek ez lukete langileengan eraginik izan behar".

Hala ere, enpresak duela gutxi ezabatu du 2029ra arte arrazoi ekonomikoengatiko kaleratzeak debekatzen zituen lan-babeseko klausula bat, eta 2025etik aurrera kaleratzeak egiteko aukera zabaldu du, abian diren negoziazioetan akordiorik lortzen ez bada.

EZ DAGO IRUZKINIK