Alemaniako Parlamentuak astearte honetan onartu du gastu militarra nabarmen handitzea ahalbidetzen duen erreforma konstituzionala. Aldeko 517 botok eta kontrako 207k babestu dute aldaketa, eta, horri esker, zorpetzeko zehaztuta dagoen mugatik kanpo utziko dira BPGaren %1 (430.000 milioi euro inguru) gainditzen duten inbertsio militarrak. Ekimena kristaudemokratek (CDU), Alderdi Sozialdemokratak (SPD) eta Berdeek bultzatu zuten, eta joan den astean negoziatu zuten akordioa.
Parlamentuan egindako eztabaidan, Friedrich Merz CDUko buruak argudiatu zuen "Vladimir Putinek Europaren aurka egindako gerra" dela erreforma eragin duen "baldintza nagusia". Kontrako botoak Alderdi Liberalak (FDP), Alemaniarentzako Alternatibak (AfD), Ezkerrak eta Sahra Wagenknecht Aliantzak (BSW) eman zituzten. BSWko diputatu talde batek pankarta batzuk zabaldu zituen, mezu honekin: "Ez 1914an ez 2025ean. Gerrako kredituei ez". Konstituzio Auzitegian helegiteak aurkeztuz bozketa geldiarazteko ahaleginak ezerezean geratu dira.
Gastu militarra handitzeaz gain, erreformak aurreikusten du 500.000 milioi euroko funts bat sortzea hamabi urteko epe baterako, "azpiegituretan eta babes klimatikoan" gastatzeko; eta zorpetzeko aukera berriak ere planteatzen ditu estatu federatuentzat. Goi Ganberak bihar berretsi beharko du erreforma. Ursula Von Der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du neurria "mezu argia" dela Europar Batasunarentzat, eta Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak, berriz, "zoragarritzat" jo du.