AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Diario Público
2024/10/15 11:46

Pertsona migranteak jazartzeko, atxilo edukitzeko eta deportatzeko baliabide bat gehiago dauka orain Italiako Gobernuak. Froga modura, bi atxikitze-zentro eraiki ditu Italiatik kanpo, Albanian, eta hara bidaliko ditu Mediterraneoko migrazio-bidean atxilo hartutako pertsona migratuak. Shengjin eta Gjader herrietan egin dituzte bi presondegiak, urtean 36.000 pertsona preso hartzeko gaitasunarekin, eta funtzio desberdinak izango ditu zentro bakoitzak.

Teorian, hasierako identifikazio-zentro bat (hotspot) izango da lehenengoa, eta identifikazioaren osteko asilo-eskaerari buruzko ebazpena heldu bitartean preso edukitzeko zentro bat izango da bigarrengoa, nagusiki. 880 plaza egongo dira asilo-eskatzaile gatibuentzat. Horretaz gain, baina, deportatuko dituzten pertsonentzako 144 plaza eraiki dituzte, baita ofizialki preso hartutako lagunentzako "espetxe" bat ere, 20 plazakoa.

Prozedura bizkorrak egingo omen dituzte, ordea, eta 28 eguneko epean bukatuko da asilo-eskaera bakoitzaren inguruko ebazpena. Helegiteak aurkezteko epea, berriz, zazpi egunekoa baino ez da izango. Asilo-eskaera bat onartzen ez denean, zuzenean, Gjaderreko zentro horretatik egingo dira deportazioak.

Antza denez, aste honetan bertan jarriko dituzte martxan instalazio berriak: Italiako agintaritzek gaur kanporatuko omen dituzte hainbat pertsona migrante Shengjingo zentrora. Protokolo lausoaren arabera, Mediterraneoan atzemandako migratzaileak Italiako Itsas-Armadaren ontzi batera eramango dituzte, eta Lampedusa uharte aurrean egongo omen da hura.

Zalantza artean izan arren, aurrera doa proiektua

Italiako Gobernuak 65 milioi euro inbertitu ditu bi atxilotze-zentroak eraikitzeko, eta beste 120 milioi euro bideratuko ditu urtean, horiek kudeatzeko. Albanian egon arren, badirudi Italiako agintaritzek kudeatuko dituztela instalazioak. Italiako polizia-indarrak aipatutako bi herri albaniarretan daude jadanik; hala nola, carabinieri poliziak eta guardia di finanza aduana-poliziak.

Italiako lehen ministro Giorgia Melonik 2023ko azaroan sinatu zuen proiektuari buruzko akordioa Albaniako Gobernuarekin. Joan den udaberritik atzeratu dute zentroen irekiera, eta oraindik zalantzan dago Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak esku hartuko ote duen: seinalatu du nazioarteko legediaren interpretazio zalantzagarri bat daukala oinarri Italiako Gobernuaren proiektuak.

Hainbat urraketa

Hutsune eta galdera-ikur legalak nabarmenak direla salatu dute hainbat kolektibok. Immigrazioari buruzko Ikerketa Juridikoen Elkarteak (ASGI, italieraz), adibidez, argitu du atxilotu egingo dituztela Italiara itsasoz heltzen saiatzen diren pertsonak, gobernuak "atxiloketa arinez" soilik hitz egin duen arren; eta horrek arazo legal bat dakarrela dagoeneko, asilo-eskatzaile posibleak izango direlako atxilotuak. "Ez dago argi zergatik atxiki behar dituzten pertsona horiek atxilo-zentroetan", adierazi dio Lidia Vicchio abokatuak El Diario hedabideari.

Seinalatu dute "opakutasuna" dela nagusi proiektuan eta protokoloan; esate baterako, ez dago argi nola erabakiko den pertsona bakoitza gatibu hartu edo ez, edota Italiako atxilotze-zentro batera edo Albaniako batera eraman. Eta ez dago garbi, bestalde, nola bermatuko diren atxilotutako lagunen defentsa-eskubidea eta arreta juridikoa izateko eskubidea.

EZ DAGO IRUZKINIK