Ororbiako (Nafarroa) Kybse enpresako langileak gaur ziren grebara jotzekoak, soldata-eguneraketari lotuta izaten ari diren negoziaketetan akordiorik ez zegoelako. Dena den, mahaira ateratako proposamena aldatu dute berriz zuzendaritzak eta langileen batzordeak (LABeko zazpi ordezkari, ELAko lau, UGTko hiru, CCOOko bi eta Cuadroseko bat dira gaur egun), eta plantillako gehiengoak ontzat eman du proposamena azken orduetan; %64k eman dute aldeko botoa eta %33k kontrakoa. Akordioa lortuta, beraz, bertan behera geratu da greba mugagaberako deialdia.
Automobilgintzako motelgailuak ekoizten dituzte Kybsen; Japoniako Kayaba multinazionalaren parte da, eta gaur egun 700 langilek jarduten dute soldatapean Ororbian. Orain arte, ez da adostasunik egon urte honetarako soldaten eguneraketari buruzko elkarrizketetan; aurreko astean bertan, beharginen %87k atzera bota zuten zuzendaritzak bozketara eramandako proposamena. Hala, berehalakoa zen grebaren hasiera.
2022ko Kontsumoko Prezioen Indizeari (KPI) lotutako soldata-eguneraketaren barruan, zehaztear zeuden aurtengo urtarriletik orain arteko soldaten igoerak. Enpresak eta sindikatuek sinatu berri duten akordioaren arabera, eguneraketaren barruan, urtarriletik irailera arteko soldatei %5,7ko igoerak ezarriko zaizkie hilabete bakoitzeko. Langile bakoitzak jaso beharreko kantitatea, baina, portzentaje-igoeren bidez zehaztuko da, eta ez modu linealean. Hortaz, gaur egun soldatarik altuenak dituztenek lortuko dituzte igoerarik altuenak ere, eta soldaten arteko arrakala areagotuko du horrek.
2021ko martxoan lortu zuten itunaren inguruko aurreakordioa zuzendaritzak eta sindikatuek, eta 2021-2025 artean egongo da indarrean (berez, soldata-igoerak linealak izango zirela zehazten zuen hitzarmenak, besteak beste).
Soldata-jaitsiera hilabete honetatik aurrera, eta kaleratze mehatxuak aurretik
Akordioa sinatu ostean, hala ere, soldata-jaitsiera bat ere adostu zuten enpresak eta langile batzordeak: motelgailu ekoizpena handituz gero, beharginen soldatak jaistea onartu zuten; ustez, gutxieneko ekoizpen maila bat mantentzearen truke. %4,75 eta %7,25 artekoak izango dira jaitsierak, teorian. Neurria onartu zuten LABeko hamar ordezkariek, UGTko bostek, CCOOko biek eta Solidariko bakarrak; ez zuten onetsi ELAko biek eta Cuadrosekoak. Soldata-jaitsiera horiek, azkenean, hilabete honetan bertan hasiko dira ezartzen.
Hitzarmena sinatu baino zenbait hilabete lehenago, 2021eko urtarrila hastean, enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu zuen enpresako zuzendaritzak, 103 langile kaleratzeko. Azkenean, egun batzuk beranduago, jakinarazi zuten neurria atzera botako zutela, baina ordain batekin: aurretiko erretiroen edota "borondatezko" irteeren bidez kanporatu zituzten hainbat behargin, plantilla murriztuz. Garai hartan, kaleratzeen aurretik, 900 langile aritzen ziren soldatapean Ororbiako lantokian.