AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/01 23:34

Aitor Zabaletaren erailketaren 25. urteurrena izango da ostiral honetan, abenduaren 8an. Horri lotuta, jardunaldi bat antolatu du Beasainen (Gipuzkoa) Goierriko Kontseilu Sozialistak, Faxismoa: enegarren oldarraldia izenpean. Goierriko Zentro Sozialistan (Ezkiaga hiribidea, 1) izango da jardunaldia, 12:00etan hasita. Hitzaldi indartsu bat izango da ordu horretan, faxismoari buruz: zehazki, faxismoaren izaera eta "atzoko eta gaurko esperientziak" landuko dituzte saioan.

Horren ostean, 14:00ak aldera, bazkari bat egingo dute Zentro Sozialistan bertan. Bazkarirako sarrera eskuratzeko, goierri@kontseilusozialista.eus helbidera mezu bat bidali behar da, edo Mugimendu Sozialistako kideren batekin harremanetan jartzeko aukera ere badago, bestela. Bazkaldu ondoren, Zabaleta oroitzeko argazki bat aterako dute Zentro Sozialistan.

Ostiral luntzerako, 19:00etarako, Donostian (Gipuzkoa) manifestazio bat dauka deituta Bultzada taldeak, Zabaleta oroitzeko eta faxismoaren kontra protesta egiteko. Mobilizazio horretara bertaratzera deitu du Goierriko Kontseilu Sozialistak ere.

Zabaleta gogoan

Ricardo Guerra izeneko faxista batek 1998ko abenduaren 8an erail zuen Aitor Zabaleta donostiarra, Madrilen. 28 urte zituela, Madrilera joan zen Zabaleta, Realaren eta Atletico Madrilen arteko futbol partida bat ikustera. Norgehiagokaren aurretik, estadiotik gertu zegoen taberna batera joan ziren Realeko hainbat zale, tartean, Zabaleta bera; polizia-agente batek gomendatu zien hara bertaratzeko.

Heldu zirenean, baina, ohartu ziren Atleticeko zaleen talde faxista bateko kideak zeudela han; Bastión taldekoak, hain zuzen ere. Realeko zaleei eraso egin zieten Bastiónekoek, eta gehienek ihes egitea lortu bazuten ere, han harrapatuta geratu zen Zabaleta. Orduan sastakatu zuen Guerrak, bihotzean. Handik ordu gutxira hil zen gazte donostiarra.

Hiltzaile faxista ordu gutxira atxilotu zuten, eta 2000ko apirilean egin zioten epaiketa. Hamazazpi urteko kartzela-zigor bat jarri zioten. Gaur egun, baina, hirugarren graduan dago.

EZ DAGO IRUZKINIK