Euskal Autonomia Erkidegoan, gutxienez 1.270 pertsona hil ziren 2022an airearen kutsaduraren eraginez. Kutsadura horrek giza-osasunean eragindako kalteak ikertu ditu Europako Ingurumen Agentziak, eta ebatzi du "partikula finak" deiturikoek, nitrogeno dioxidoak eta ozonoak 181 pertsona hil zituztela Araban, 323 Gipuzkoan eta beste 766 Bizkaian. Heriotzen %60 Bizkaian izan ziren, eta Nerbioi Behea da gorriz markatutako eremuetako bat.
Ekologistak Martxanek kritikatu duenez, Nerbioi Behean "Hobekuntza Plana egiteke dago oraindik", nahiz eta 2016an eta 2017an bertan kokatutako estazioetan gainditu egin ziren arauz onargarritzat jotzen diren nitrogeno dioxido mailak. Hainbat ikerketak aurrez ere seinalatu dute Bizkaiko eremu horretan aireak duen kalitate txarra: 2010ean argitu zuen azterketa batek bertako airea zela kutsatuena EAE osoan.
Ozonoari dagokionez ere badaude maximo batzuk araututa, baina horiek gainditzen dituzte EAEn egindako neurketek. Ekologistak Martxanek salatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartu gai kutsatzaile hori kontrolatzeko egindako eskaerak, ez eta Arartekoak Hobekuntza Planak antolatzeko egindako gomendioa ere.
PM2.5 partikulen arriskua
2022an EAEn airearen kutsaduragatik izandako heriotzen %65 eragin zituzten PM2.5 partikulek. Keak, errekuntza-ibilgailuen kutsadurak eta industriak sortzen dituzte partikula horiek, eta Europako Ingurumen Agentziak dio hiri gehienetan dela gehiezkoa bere presentzia. Europar Batasunean ezarrita dago gehienez 5µg/m3-koa izan behar dela esposizioa, baina errealki 25µg/m3 ingurura heltzen da. Ekologistak Martxanen esanetan, Jaurlaritza nabarmen atzeratu zen partikula arriskutsu hori neurtzen, eta ez zituen 2020raino egin neurketak hainbat lekutan, nahiz eta ordurako sobera ezaguna zen zekarren arriskua.
Agentziak azaldu du, gainera, EAEn aire-kutsadurak eragindako heriotzak 1.270 baino gehiago ere izan daitezkeela: 2.655 hain zuzen ere, bikoitza, kutsatzaileak diren gaien kontzentrazio-maila baxuagoek sortutako eragin kaltegarriak kontuan hartuta. Guztira 24.203 heriotza erregistratu zituzten 2022an erkidegoan, beraz, heriotzen %5 eta %11 artean airearen kutsaduragatik izan ziren.
Ekologistek ohartarazi dute gai kutsagarriei dagokienez zehaztuta dauden maila maximo gehienak gainditu ohi direla EAEn. Hortaz Jaurlaritzak etengabe urratzen ditu ozonoari edo nitrogeno dioxidoei buruzko araudiak, behin eta berriz gainditzen direlako ezarritako mugak. Airearen kalitatea neurtzearen eta kontrolatzearen garrantzia nabarmendu dute.