AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Eguzki
2025/01/23 09:40

Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko lanak aurrera doaz Euskal Herriko hainbat lurraldetan. Nafarroako obretan jarduten duten hainbat langilerekin hitz egin dute Ahotsa-k eta Nafarroako AHT Gelditu! plataformak, eta argitara atera dituzte beharginen aurkako abusuak eta lan-baldintza negargarriak: 18 eta 20 ordu arteko lanaldi amaigabeak, segurtasun falta erabatekoa (esaterako inor ez arduratzea langileek Norbere Babeserako Ekipoak izateaz edo segurtasun-hornidurez) eta abar. Lanaldiak jasan ahal izateko, kokaina kontsumitu behar izaten du askok, Ahotsa-k jasotako lekukotzaren arabera.

Langileetako batek azaldu duenez, jatorri afrikarreko eta portugaldarreko beharginak dira kaltetuenak. Soldata baxuagoak dituzte, eta askotariko umiliazioak eta irain arrazistak pairatzen dituzte. Hori gutxi balitz, salaketa egin duen langileetako batek argi esan du: gertatzen denaren jakitun dira bai agintaritzak, bai enpresak, bai orotariko nagusiak, obra-buruak kasu. "Guztiek dakite [...]. Baina inork ez du ezer egiten", dio. Xehetasun gehiago emateko, AHT Gelditu! plataformak agerraldi bat egingo du bihar goizean, Iruñean.

Zundaketak aurrera Nafarroan

AHTa egiteko obren barruan, hilabeteak daramatzate Nafarroan azterketa geoteknikoei lotutako zundaketak egiten, horretarako beharrezko baimen guztiak ez izan arren. Hala egin dute, adibidez, Sakanako Otsobi eta Itza inguruan. Berriki Izurdiagan piztu dira alarmak: aurreko ostegunean, makina zulatzaile bat eraman eta bazterbide batean zulo bat egin zuten CEMOSA enpresako langileek, eta lanari ekin zioten bertan, segurtasun-enpresa batek babestuta. Aste honetan lanekin jarraituko zutela eta Urrizolan zundaketak egingo dituztela jakinarazi zuten, gainera. Itxura denez, enpresak Nafarroako Gobernuaren baimena dauka zundaketetarako, baina ez tokiko hainbat erakunderena; hala nola, Arakilgo alkatetzarena (horren parte da Izurdiagako kontzejua).

Astelehenean, hala, goizean goiz izan zen kontzentrazio bat Izurdiagako futbol-zelai inguruan, Stop AHT Zundaketak plataformak deituta, zundaketei ezetz esateko. Arratsaldean ere elkarretaratu ziren, baina ez zen enpresarik bertaratu egun horretan: badirudi zundaketa-lanak eten dituztela momentuz, beharrezko baimen guztiak lortu arte. "Legezkoak izan edo ez", zundaketei aurre egitera eta adi egotera deitu dute.

Lur desjabetzeak Araban

Bestalde, agerraldi bat egin zuten atzo Araba Bizirik plataformak, Arabako nekazarien elkarteak (UAGA) eta hainbat udaletako ordezkariek. "Abiadura Handiko Trena urakan gupidagabe bat bezala datorkigu, gure soroak, etxeak eta itxaropenak suntsituz", adierazi zuten bertan. Makroproiektua eraikitzeko, behartutako lur desjabetzeak egin dituzte Arabako hainbat eremutan.

EZ DAGO IRUZKINIK