AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/16 17:44

Manifestazio bat izan zen atzo Iruñean (Nafarroa), AHTak esklabo egiten gaitu. Progresoaren kateak hautsi lelopean. Ehunka pertsona atera ziren kalera, Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko obretako lan-baldintza penagarriak salatzeko eta, beste behin ere, makroproiektu txikitzaile horri ezetz esateko. Izan ere, orain dela gutxi atera dira argitara lan horietako esklabotza-baldintzak, hainbat beharginek emandako lekukotzen bidez: 18 ordurainoko lanaldiak, nomina faltsuak, erabateko segurtasun falta, makineria zaharkitua, baldintza osasungaitzak, askotariko ustelkeria eta abusuak...

AHT Gelditu! plataformak antolatutako mobilizazioan zehar, trena eraikitzeko lanetan bizia galdu duten beharginen eskelak eraman zituzten. Hamabi izan dira gutxienez, gehienak, pertsona migratzaileak. Horretaz gain, gezurretazko elefante zuri handi bat atera zuten antolatzaileek, makroproiektua irudikatzeko: hura da nolabait ezkutuan eraiki nahi dituzten "azpiegitura suntsitzaile, alperrikako eta inposatuen nazioarteko ikurra", AHTa kasu.

12:00etan irten zen manifestazioa diputazio aurretik, eta Sarasate pasealekuan amaitu zen, Nafarroako Lan-Ikuskaritzatik hurbil. Bertan, tokiko gobernuek obretako lan-baldintzen betikotzean duten erantzukizuna salatu zuen plataformak; "administrazioek aspalditik desagerrarazi behar ziren praktika horien iraupenean duten konplizitatea" gaitzetsi zuten, hain zuzen ere.

Plataformako kideek gogorarazi zuten langileei ezartzen dizkieten miseriazko baldintzek ahalbidetzen dituztela AHTa bezalako azpiegitura erraldoiak, eta horiek gabe ez liratekeela posible izango, duten "kostu astronomikoagatik". Seinalatu zuten, gainera, AHTak ez dituela horren eraikuntzan parte hartzen duten beharginak soilik egiten esklabo: "Hura finantzatzera behartuta dagoen gainerako langile-klasea ere esklabo bihurtzen du". Eta salatu zuten, gainera, "baliabide publikoak AHTan eta beste azpiegitura batzuetan xahutzen diren bitartean", langileria "zigortzen" ari direla "murrizketa sozialak eta oinarrizko sektoreetako pribatizazioak ezartzeko politikekin".

EZ DAGO IRUZKINIK