AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/28 19:10

Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko asmoz, hainbat zundaketa egiteari ekin diote Sakanako Otsobi kontzejuan eta Itza inguruan. Stop Zundaketak plataformaren arabera, urriaren 24an hasi ziren zundaketak egiten Otsobiko lursail batzuetan, baina lan horiek egiteko baimen ofizialik ez dute eskatu.

Hego Euskal Herrian AHTaren bideko loturak zehazki non egingo diren aztertzeko zundaketak omen dira horiek. Jose Antonio Santanok, Espainiako Estatuko Garraio eta Mugikortasun idazkariak, urriaren 18an egin zuen agerraldi bat Iruñean. Bertan azaldu zuen "laster" hasiko zirela EAEko Y trenbidea eta Nafarroakoa lotzeko indusketa lanak.

Altsasu inguruko trenbidearen zatia ia %50ean ikertu dute, baina gainontzeko lotura-eremu posibleak ez omen daude zehaztuta. AHTa zehazki nondik igaroko den erabaki behar omen dute 2025. urtearen hasierarako, idazkariak azpimarratu zuenez. 

Hala, Altsasu inguruko trenbidearen eta Y-aren arteko lotura diseinatzeko eta egiteko "zailtasunak" izaten ari omen dira, idazkariaren hitzetan. Alde batetik, azaldu zuen lagin-zuloak egin behar direla Aralar mendilerroan, "200 eta 300 metro inguruko sakonera duten zundaketak" barne. Bestetik, badirudi ezinezkoa izan dela zundaketak egiteko baimenak eskuratzea, lurren jabe partikularrek eta hainbat udalek ezetz esan diotelako zundaketa lanak hasteari. 

Zundaketa lanak hasi dituzte

Nafarroan, Adif enpresa-entitate publikoaren lurretan ari dira oro har zundaketak egiten, gaur egun trena igarotzen den hainbat eremutatik gertu, alegia. Baina lursail horietatik kanpo ere hasi dira lanekin. Sustrai Erakuntzak dioenez, iazko udaberrian "eskaera-uholde bat sartu zen udaletan", zundaketak egiteko Sakanan, Itzan eta Goierrin. Sakanan "hamabost zundaketatarako eta froga geofisiko askotarako eskaera egin zen, Erroztik hasita Olaztiraino". Zundaketak AHTarekin aurrera egiteko "obren hasiera" direla azpimarratu du Sustrai Erakuntzak.

Hala ere, lursailetan frogak egiteko zailtasunak egoten ari dira, hainbatek "planto irmoa" egin baitute, Sustrai Erakuntzaren arabera. Horrela, Sakana inguruko AHTaren lanek urtebeteko atzerapena dute jada, Santanok onartu duenez. "Presazko lanak" bultzatu ditu orain Nafarroako administrazioak.

Iruñean egindako agerraldian, Santanok jakinarazi zuen zundaketak ahalbidetzeko modua topatu dutela: besteak beste, Nafarroako Gobernuaren jabetzako lurretan egingo dituzte zundaketa lanak. "Presazkoak" direla aitzakiatzat erabilita, baimenik gabe ari dira zundaketak egiten, Stop Zundaketak plataformak azaldu duenez.

EZ DAGO IRUZKINIK