Ahotsa.info kazetariak 2018ko urtarrilarean 5ean eta 13an “euskal preso politiko” adiera erabili zuen albiste banatan EPPK-ko presoak izendatzeko. Ordukoan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak jarritako salaketa zela eta Espainiako Poliziaren aurrean deklaratu behar izan zuen kazetariak, nafar hedabideak azaldu duenez. Oraingoan baina, Auzitegi Nazionaleko epaile batek “terrorismoari gorazarre” egin izanaren zantzuak ikusi eta berriro deitu du deklaratzera. Agoizko epaitegian izango da auzi saioa eta bideokonferentziaz arituko da epaitua epailearekin.
Ahotsa.info-k “adierazpen askatasunaren” aurkako ekinbidea dela salatu du. Era berean, ez dela jasaten duten gisa horretako “lehen erasoa” azaldi du plazaratu duen oharrean. Hedabideak gogora ekarri ditu, besteak beste, “Egin, Egin Irratia, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu eta Ateak Ireki” komunikabideen itxiera. 2011ko urtarrilean itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Apurtu webgunea. Zehazki, “Askatasunaren propaganda aparatua” izatea egotzi zieten. Hutsune horretatik sortu zen 2013an Ateak Ireki webgunea. Azken horrek ere patu bera izan zuen, kasu horretan Herriraren aukako operazioan presoen aldeko mugimenduarekin lotu eta komunikabidea ixteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Azken horren itxieraren ondotik sortu zen Ahotsa.info.
Ahotsako kazetariek, erasoak eraso, euren jardunarekin jarraitzeko konpromisoa helarazi nahi izan dute: “”Bere garaian azpimarratzen genuen bezala, gaur ere ozen esan nahi dugu: jarraitzen dugu, jarraituko dugu”. Aitzitik, gogor salatu dute hedabideen jarduna oztopatzeko Mozal Legearen erabilera. Hala nola, Argia eta Hala Bediko kazetarien aurkako auziak ekarri dituzte gogora: “Mozal legearen aplikazioarekin herri komunikabide batzuen jarduera baldintzatzen saiatu dira. Hor ditugu, esaterako, Argia edo Hala Bediko kazetarien auziak. Adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna arriskuan daude oraindik Euskal Herrian, eta hori onartezina da”.
Mozalik ezin jarri Hala Bediren jardunari
Hala Bediko Mikel Saez Buruaga Kazetariaren aurka salaketa jarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Kazetaria errekaleorren argi mozketaren gainean egiten ari zen jarraipena 602€ko isunarekin zigortu zuen Administrazioak Mozal Legearen bitartez. Hala Bedik administrazio auzitegian isun honen aurkako errekurtsoa jarri zion ebazpenari eta errekurtso epaiketa apirilaren 2an izan zen. Gaurkoan, arabako hedabideak jakinarazi duenez, epaileak behin betiko atzera bota du kazetariaren aurkako zigorra.
Epaileak adierazi duenez: “ekinbide administratiboa ez dago Zuzenbidera doituta, eta beraz, indargabetu eta ezbatu egiten dut”. Hala, behin betikoa den ebazpenak ezin izango du errekurtsorik jaso. Era berean, Eusko Jaurlaritzak auzibidearen gastuak ordaindu beharko ditu, ebazpenaren arabera.
Hala Bediko kazetariek “injustiziari garaipena” dela adierazi dute eta “aurrekaria” izan beharko litzatekela epaia Mozal Legea bertan behera uzteko. Izan ere, hedabideak salatu du Mozal Legearekin edonor dela errudun “kontrakoa erakutsi arte”.