AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Noticias de Álava
2021/04/13 15:05

Hasi da Bilbon (Bizkaia) hegazkingintza sektoreko Aernnova enpresaren aurkako epaiketa. Izan ere, enplegu-erregulazioko espediente baten bidez kanporatu nahi ditu 82 langile Berantevillako (Araba) lantegitik. Langileen defentsak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko epailearen aurrean adierazi duenez, iruzur egin du enpresako zuzendaritzak: enpresaren "bezero eta nagusia" den heinean, "lan-karga eta fakturazioa" baldintzatu dituela diote, espedientea justifikatu ahal izateko.

82 behargin kaleratu nahi ditu enpresak, 55 modu zuzenean, eta 27 ordaindutako kaleratzeen eta aurretiko erretiroen bidez. Epaiketa luzea espero dute, enpresaren aurkako hiru salaketa daudelako lantzeko.

Gaurkoan grebara jo eta Bilboko epaitegiaren aurrera bertaratu dira Berantevillako plantako 454 langileak, baita ITP Castings eta Tubacexekoak ere. Kaleratzeak aurreikusi dituzte bi enpresa horietan ere. Apirilaren 27an izango da ITP Castings enpresaren aurkako epaiketa, baina Tubacex enpresari egingo dioten epaiketaren data finkatzeke dago oraindik.