´2024an, errekor historikoak hautsi ditu Amerikako Estatu Batuetako polizia-indarren biolentziak: 1.239 pertsona erail zituen Poliziak, hau da, batez beste, 3,4 biktima egun bakoitzeko. Mapping Police Violence-ren datuen arabera, datuak erregistratzen dituztenetik, 2024an izan da hildako gehien. Gainera, 300 pertsonak baino gehiagok galdu zuten bizia polizia-jazarpenetan, eta 300.000 lagunek baino gehiagok jasan zuten nolabaiteko biolentzia ez-hilgarria.
Txostenak dio, iaz, komunitate beltzak izan zirela kaltetuenak: Poliziak hildakoen %30 beltzak ziren, nahiz eta biztanleen %13 baino ez diren. Guztira, milioi bat kasu baino gehiago dokumentatu dituzte polizien biolentziari lotuta: 8.446 tiroketa, pistola elektrikoa (taserra) erabili den 132.512 egoera, eta 31.617 gertakari borrekin edo talka-armekin. Datu horiek 3.000 jurisdikzio inguru seinalatzen dituzte, eta herrialdearen %60 hartzen dute.
Eskubide
zibilen aldeko taldeek salatu dute
indarkeria sistematikoak neurriz kanpo eragiten diela gutxiengoei, batez ere. "Zigorgabetasunak bere horretan dirau, komunitate ahulenek
abusuen jomuga izaten jarraitzen duten bitartean", adierazi du DeRay
Mckessonek, Campaign Zeroren sortzaileetako batek. Datuek erakusten dute AEBetako Poliziaren indarkeria konpondu gabeko krisi bat dela oraindik ere.