Donald Trump AEBetako presidenteak astelehen honetan baieztatu duenez, Mexikoren eta Kanadaren esportazioei %25eko muga-zerga ezarriko diete, eta %10ekoa Txinakoei. Neurria astearte honetan sartu da indarrean. Trumpek karga horien aplikazioa atzeratu zuen aurretik, ustez, Mexikori eta Kanadari mugetako "segurtasuna" indartzeko denbora emateko, baina orain ziurtatu du ez dagoela muga-zerga berrien ezarpena ekiditeko "aukerarik".
Txinak irmo erantzun du, eta esan du AEBen erabakia "aldebakarreko ekintza eta jazarpena" dela, Merkataritza Ministerioaren ohar baten bidez. Pekinek iragarri du %10 eta %15 arteko muga-zergak ezarriko dizkiela AEBetako nekazaritza-produktuei, hala nola gariari, sojari eta txerri-haragiari. Horrez gain, Estatu Batuetako enpresei murrizketak aplikatuko dizkie, eta Munduko Merkataritza Erakundearen aurrean salaketa bat jar dezake.
Bestalde, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak adierazi du "justifikaziorik gabeko neurria" dela Estatu Batuena, eta iragarri du handik egindako 30.000 milioi dolarreko inportazioei %25eko muga-zergak jarriko dizkiela. Munduko Merkataritza Erakundean AEBen kontrako salaketa bat aurkeztu du, gainera.
Mexikok ere eman du dagoeneko Estatu Batuen aurkako errepresalia komertzialen berri. Claudia Sheinbaum presidentearen esanetan, "neurri arantzelarioen eta neurri ez-arantzelarioen bidez" erantzungo du, baina "negoziazioa" aldarrikatu du, gatazka komertzialaren "gorakada" saihesteko. AEBen jarrerari ezetz esateko, kontzentrazio batera deitu du igande honetarako, Mexiko Hirian.
Trumpek jakinarazi du, bestalde, apirilaren 2an sartuko dela indarrean nekazaritzako produktuen gaineko muga-zerga sorta berria, baina ez du zehaztu zein herrialderi eta ondasuni eragingo dien. Urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik, Trumpen administrazioak bere politika komertzial protekzionista indartu du, "nazioarteko merkataritza orekatzea eta AEBetako industria babestea" bilatzen duela argudiatuta.