AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Deparment of War (X)
2026/02/10 15:48

Amerikako Estatu Batuetako Gobernuak atzo iragarri zuenez, petrolio-ontzi bat atzeman eta abordatu du Indiako Ozeanoan, Karibeko petrolio-garraioari ezarritako "murrizketak urratzeagatik". AEBetako Gerra Departamenduak X sare sozialean azaldu zuen bere indar militarrek "ikuskapen bat, itsas-debeku bat eta Aquila II ontziaren aurkako eraso bat" gauzatu zituztela, "gorabeherarik gabe". Erakunde horren esanetan, ontziak "urratu" egiten zituen "Trumpek Kariben zigortutako ontziei ezarritako koarentenako mugak", eta Venezuelari eta Kubari zuzenean eragiten dien presio komertzial eta energetikoko maniobra bat biribildu du hala.

Hegoaldeko Lantza izeneko operazio militar zabalago baten parte da azken interbentzio hori. 2025eko abendutik dago martxan aipatutako operazioa, eta gutxienez zazpi ontzi abordatu edo konfiskatu dituzte AEBek dagoeneko. Washingtonek dio helburua dela Venezuelako petrolioaren salmenta galaraztea, AEBek "baimentzen" dituzten kanaletatik kanpo; baita areriotzat jotzen dituzten gobernuei diru-sarrerak moztea ere. Trumpek sinatutako agindu exekutibo batekin osatzen da estrategia hori, Kubara petrolio gordina bidaltzen duen edozein herrialde muga-zergekin zigortuko baitu teorian. Neurri horrek krisi energetiko kritikoa eragin du uhartean, eta dagoeneko ez du erregairik, ezta hegazkinentzat ere.

AEBetako Gerra Departamenduaren azken oharrak kutsu beligerantea hartu du. "Munduko beste ezein naziok ez du bere borondatea edozein esparrutan inposatzeko ahalmenik. Lehorrez, itsasoz edo airez, gure Indar Armatuek aurkitu egingo dituzte, eta justizia egingo diete", zioen erakundeak X-n. Eta gaineratzen zuen: "Gerra Departamenduak koarentena esaten duenean, benetan esaten dugu. Ezerk ez du eragotziko Gerra Departamenduak gure aberria defendatzea, ezta munduaren beste aldeko ozeanoetan ere".

"Karibetik Indiako Ozeanoraino" jazarria izan den Aquila II ontziaren lapurreta hedapen geografiko esanguratsua da presio estatubatuarrari dagokionez. Indar-ekintza horrek agerian uzten du Washingtonek bere nazioarteko botere militarra erabili nahi duela alde bakarreko zigor ekonomikoak betearazteko, munduko itsas-polizia gisa jardunez, eta hainbat hamarkadaz geroztik finantzen eta merkataritzaren itolarri latza jasaten ari diren ekonomietarako bizi-baliabideen hornidurari eraginez. Horrela, petrolio-blokeoa gerra ekonomikorako tresna da, eta eragin humanitario zuzenak ditu kaltetutako herrialdeetako biztanleengan.

EZ DAGO IRUZKINIK