Estatu Batuetako eta Errusiako goi-funtzionario batzuk Riaden, Saudi Arabian, bilduko dira Ukrainako gerraren inguruan eztabaidatzeko, Volodimir Zelenskiren gobernua eta Europako buruzagiak parte izango ez diren topaketa batean. Errusiako ordezkaritzako buru gisa, Sergei Lavrov Kanpo Arazoetako ministroa eta Yuri Ushakov kanpo-politikako aholkularia bertaratu dira hitzordura, eta estatubatuarren partetik, berriz, Marco Rubio estatu-idazkaria eta segurtasun nazionaleko aholkularia. "Ezin da erabakirik hartu Ukraina gabe", azpimarratu du Zelenskik, negoziazioetan bere gobernua baztertu izana gaitzetsiz.
Donald Trump AEBetako presidenteak elkarrizketa zuzena bultzatu du Moskurekin, eta horrek kezka sortu du Europan. Lavrovek ziurtatu du Moskuk ez dituela balizko "lurralde-kontzesioak" buruan, eta, bitartean, Europar Batasuneko agintariak Parisen bildu dira, gastu militarra handitzearen eta Ukrainara "bake-indarrak" bidaltzeko aukeraren inguruan aritzeko. Aldi berean, Zelenskik baieztatu du Saudi Arabiara joango dela bihar, esanez "aldez aurretik antolatu zutela" hitzorduren bat bertan eta bisitak ez duela loturarik "Washingtonen eta Moskuren arteko elkarrizketekin".
Riadeko negoziazioek Trumpen estrategiaren eta aliatu europarren jarreraren arteko distantzia gero eta handiagoa azpimarratzen dute, Washingtonen eta Moskuren arteko edozein aldebiko akordiok Ukrainak gatazkan duen posizioa ahulduko duen beldur baitira. Bitartean, lekuan bertan, gerrak aurrera jarraitzen du, eta oraindik ez da hurbileko erabakiren baten seinalerik sumatzen.
Europar Batasuna: "bake-tropak" eta kontsentsu falta
Europar Batasuneko buruek, bestalde, goi-bilera bat egin zuten atzo Parisen, Ukrainako gatazkan duten rolaz hausnartzeko, AEBek Errusiarekin negoziazioak hasi dituela jakin ostean, Kiev eta Europako aliatuak kontuan hartu gabe. Bilera Emmanuel Macron Frantziako presidenteak deitu zuen, "batasun" irudi bat erakusteko, baina ez dute adostasunik lortu Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Ukrainara tropak bidaltzeko egindako proposamenaren inguruan. EFE agentziak jaso duenez, Starmerrek berretsi du "Europak bere rola" bete behar duela gudan, baina onartu du edozein operaziok AEBen babesa beharko lukeela.
Alemaniak eta Poloniak Erresuma Batuaren proposamena baztertu dute. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak esan du ez duela "aurrea hartuko" Ukrainara soldadu poloniarrak bidaltzeari dagokionez, eta Olaf Scholz kantziler alemaniarrak eztabaida "goiztiarra" eta "desegokia" dela esan du. Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroaren esanetan, "gauza asko argitu behar dira" hedapen militar posible bat aintzat hartu aurretik. Hala ere, Europako agintariek akordiorik lortu ez duten arren, Kievi emandako babesa eta "gastu militarra handitzeko beharra" berretsi dituzte Parisera bertaratutakoek, Ursula Von Der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak markatutako bide-orria jarraituz.
Goi-bilerak agerian utzi du Europako buruzagien kezka, Washingtonen eta Moskuren arteko negoziazioetatik kanpo geratu baitira. "Ukrainarren bizkar hitz egiten ari dira", deitoratu du Scholzek. Macronek, bestalde, lehentasuna Ukrainarentzat "bake sendoa eta iraunkorra" lortzea izan behar dela nabarmendu du, "segurtasun-berme sendoekin". Bilera baino minutu batzuk lehenago, agintari frantziarrak Trumpekin hitz egin du, Europak elkarrizketetan parte hartuko duela ziurtatzeko, baina ez dute horri buruzko konpromisorik zehaztu.
I. Mundu Gerraren ostean Alemaniari exijitutakoa baino diru gehiago eskatu dio Ukrainari Trumpek
Horretaz guztiaz gain, Trumpek 500.000 milioi dolar ordaintzeko eskatu dio jadanik Ukrainari, gerrari lotutako kostuengatik. BPGarekin proportzioan, Lehen Mundu Gerraren ostean Alemaniari ezarritako konponketa-gastuek baino karga ekonomiko handiagoa ekarriko luke kantitate horrek Ukrainarentzat. 2025eko otsailaren 7ko data duen eta The Telegraph egunkariak eskuratu duen kontratuaren zirriborro baten arabera, AEBek inbertsio-funts bateratu bat ezarri nahi dute Ukrainako baliabide mineralen, petrolioaren, gasaren eta azpiegitura garrantzitsuen kontrol partziala lortzeko. Aukera horrek kezka eragin du Kieven, "kolonizazio ekonomiko" jasanezina ekarriko ote duen beldurrez.
Zirriborratutako kontratuaren arabera, Ukrainako baliabideak erauztetik lortutako diru-sarreren %50 jasoko lukete AEBek, eta lehentasuna izango lukete lizentzia berrietan. Gainera, aipatutako funts bateratuak "eskubide esklusiboak" izango lituzke etorkizuneko inbertsioen baldintzak zehazteko, New Yorkeko legediari lotutako eztabaida legalak gorabehera. The Telegraph-ek aipatutako negoziatzaile batek muturreko presioa oinarri duen neurri gisa deskribatu zuen klausula: "Akordio honek esan nahi duena da lehenik ordainduiguzu guri eta gero zure seme-alabak elikatu".
Trumpek Ukrainari egindako eskakizuna defendatu du Fox News-en, esanez Ukrainak hura "onartu" duela "oinarrian" eta ohartaraziz, akordiorik gabe, herrialdea Errusiaren menpe gera daitekeela. Bien bitartean, Ukrainako funtzionarioak kezkatuta agertu dira Municheko Segurtasun Konferentzian, ezarritako baldintzek "Ukrainako legedia urratzen dutela eta aldaketak behar dituztela" esanez. Kritikak kritika, Trumpen aliatuek, Lindsey Graham senatari errepublikanoak kasu, estrategia babestu dute, "AEBek Ukrainari ematen dioten babesa indartu dezakeelako".