AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / OkDiario-ren bidez
2025/09/16 13:29

Donald Trumpek atzo jakinarazi zuenez, bere aginduz, Amerikako Estatu Batuetako Indar Armatuek bigarren ontzi bat suntsitu dute berriki Karibeko nazioarteko uretan. Hiru pertsona erail omen dituzte erasoan, ustez, "Venezuelako narkotrafikatzaileak" zirenak. Trumpek "narkotrafikoko kartelen eta narkoterroristen aurkako eraso zinetikotzat" jo du operazioa, eta ontziak "drogak" zeramatzala ziurtatu du. "Estatubatuarrak hil ditzaketen drogak garraiatzen badituzu, ehizatu egingo zaitugu", gaineratu du.

AEBak Karibeko jarduera militarra biziagotzen ari dira eta Washington eta Caracasen arteko konfrontazio erretorikoa areagotzen ari da; eta testuinguru horretan gertatu da bigarren eraso hau. Irailaren 2an ere jakinarazi zuten AEBek Venezuelako beste ontzi bat hondoratu zuela, 11 pertsona erailez. Erasoa justifikatzeko, Etxe Zuriak Araguako Trena taldearekin lotu zuen ontzia, baina Venezuelako Gobernuak errefusatu egin zuen salaketa hori, operazioari buruz zabaldutako irudiak adimen artifizialak sortu zituela argudiatuta.

Trumpen gobernuak erasoaldia areagotu du zonaldean, gerra-ontziak, itsaspekoak eta milaka soldadu zabalduz. Horretarako argudio gisa erabiltzen ari da "narkotrafikoari aurre egitea", eta Nicolas Maduro presidenteari leporatu dio kartel bateko buru izatea. Washingtonek 50 milioi dolarreko saria eskaini du Maduro atxilotzeko informazioaren truke, eta Venezuelako presidenteak salatu du estatubatuarren eraso militarra bizitzen ari direla. Caracas "borroka armatu" baterako "prestatuago" dagoela adierazi du, gainera. Venezuelako funtzionario batzuek, dena den, "asmakizuntzat" jo dituzte argitara atera diren operatiboak, eta estatubatuarrek erabilitako justifikazioa ukatu dute.

Nazioarteko hainbat hedabidek agertu dituzte zalantzak AEBen operazioen gardentasunari eta tripulatzaileen identifikazioari buruz, eta nabarmendu dute AEBetako Defentsa Departamentuak ez duela biktimen eta kargamentuaren helmugaren inguruko froga independenterik aurkeztu.

EZ DAGO IRUZKINIK