AEBetako idazkari nagusi Antony Blinkenek ostegun honetan onartu du AEBen esku-hartze militar berri bat, AEBetako presidente Joe Bidenek eskatuta: Ukrainari arma gehiago bidaltzeko neurria onetsi du. Hain zuzen, 600 milioi euro gehiago erabiliko ditu Ukrainarentzako armak eta munizioak erosteko; horrekin, guztira, 15.810 euroko laguntza militarra eman dio Ukrainari Biden buru duen gobernuak.
"Gure aliatu eta kideekin batera, Ukrainako indarrak hain modu eraginkorrean erabiltzen ari diren armak eta ekipamenduak ari gara ematen, Errusiaren inbasioaren aurkako kontraeraso arrakastatsuarekin jarraitzen duten bitartean", esan du Blinkenek. "Ematen ari garen gaitasunak kontu handiz kalibratuta daude, gudu-zelaian ahalik eta alderik handiena markatzeko eta, une egokia denean, Ukrainaren eskua indartzeko negoziazio-mahaian", gaineratu du.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, Ukrainan leher egin duen gerran momentuz 6.000 zibil hil direla baieztatu ahal izan du. Hildakoen kopurua, baina, askoz ere altuagoa izan daitekeela ohartarazi du. Bizia galdu duten militarren kopurua, bestalde, ez dute zehaztu ez Errusiako ez Ukrainako autoritateek; oso kopuru desberdinak argitaratzen dituzte herrialde horiek zein bestelako erakundeek.