AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Volodimir Zelensky (X)
2026/01/23 08:24

Amerikako Estatu Batuetako, Ukrainako eta Errusiako Federazioko agintariek lehen aldiz egingo dute bilera bateratu bat, Ukrainako gerrarako balizko "bake-akordio" bati buruz hitz egiteko. Bilera ostiralean eta larunbatean zehar izango da Arabiar Emirerri Batuetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Davosko Ekonomia Foroan iragarri duenez. "Elkarrizketak ostiralerako eta larunbaterako programatuta daude", adierazi zuen: "Gerra honi amaiera emango dioten dokumentuak ia prest daude".

AEBen aldetik, Steve Witkoff Etxe Zuriko negoziatzaile nagusiak eta Jared Kushner Donald Trumpen suhiak hartuko dute parte bileran. Kyrylo Budanov presidentearen bulegoko buruak, Rustem Umerov Segurtasun Nazionaleko eta Defentsako Kontseiluko idazkariak eta Sergiy Kyslytsia Atzerri ministrordeak osatuko dute Ukrainako ordezkaritza. Errusiak Kirill Dmitriev, Kremlineko negoziatzaile nagusia, eta Igor Kostyukov, Errusiako inteligentzia militarreko burua, bidaliko ditu, AEBetako ordezkaritzatik baieztatu dutenez.

Zelenski eta Trump oraintsu bildu dira Davosen, eta elkarrizketa "ona, emankorra eta funtsezkoa" izan dela esan dute. Hala ere, AEBetako presidenteak bere erreserbei eutsi die, eta ziurtatu du "bide luzea" falta dela Ukrainako gerrari amaiera eman aurretik. Etxe Zuritik diotenez, hiru aldeko formatua "gatazka hasi zenetik ohikoa ez den urrats" bat da, orain arte zeharkako kontaktuak baino ez baitira izan, itxuraz. AEBetako iturrien arabera, elkarrizketak "segurtasun-gaietan, gutxieneko egonkortasun bermeetan eta akordio partzialetarantz aurrera egiteko balizko mekanismoetan" oinarrituko dira.

Zelenskiren hitzetan, "Errusiak ere prest egon behar du gerra honi amaiera emateko eta erasoari amaiera emateko", eta eskatu du "Moskuren gaineko presioari eusteko" eta Ukrainari nazioarteko laguntza emateko. Ukrainako presidenteak onartu du, gainera, akordio baterako oztopo nagusia lurraldetasuna dela, Witkoffen esanetan, horixe baita orain negoziazioen muinaa. Etxe Zuritik Davosko bilera "Abu Dabin aurreikusitako kontaktuen aurreko koordinazio politikorako keinu" gisa interpretatu zuten.

Lurralde auzia bereziki konplexua da, gerra, funtsean, lurralde-kontrolaren gainean izaten ari delako: Errusiak 2014tik (eta batez ere 2022tik) kontrolatzen ditu errusiarrez hitz egiten den Ukrainako eremu zabal batzuk (Krimea eta Donetsk, Luhansk, Zaporiyia eta Jersongo eremu batzuk barne), eta horien anexioa iragartzera iritsi da. Ukrainak eta Europar Batasunak aktiboki egin diote aurre, ordea. Zelenskiren gobernuak lurraldeak galtzea onartzeari uko egiten dion bitartean, Errusiak dio horiek "lurraldearen gaineko errealitatea" direla, eta horrek bihurtzen du puntu hori negoziazioen blokeo nagusia.

EZ DAGO IRUZKINIK