AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/21 17:39

Espainiako Estatuko pobreziari buruzko txosten bat argitaratu berri du Pobreziaren Kontrako Europako Sareak (EAPN, ingelesez), eta Hego Euskal Herriko pobrezia-maila ere islatzen da datuetan. "Pobrezia latza" deritzon tasak joera orokorraren berri ematen du, eta gora egin du Hego Euskal Herrian. EAEn, pobrezia latza neurtzen duen tasa %4,1ekoa izan zen iaz, 2020an baino 0,3 puntu gehiago. Nafarroan, berriz, %7,7koa izan zen 2023an, hiru urte lehenago baino 2,6 puntu gehiago.

EAEko adingabeen %18,8 pobrezia pairatzeko arriskua zeuden iaz

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriaren %15,5 pobrezia edo bazterketa arriskuan egon da 2023an, hots, 345.000 pertsona inguru. Azken urteetako datuekin alderatuz, pobrezia-tasa horrek ez du ia aldaketarik izan: 2020an EAEko %13,6 zeuden pobrezia edo bazterketa arriskuan, 2021ean %16ra egin zuen gora ehunekoak, eta hurrengo bi urteetan %15,5ean mantendu zen.

EAEko haur eta nerabeen pobrezia edo bazterketa arriskuari dagokionez, adingabeen %18,8 zeuden egoera horretan 2023an. Aurreko urtetik tasa 1,6 puntu jaitsi zen arren, pobrezia jasateko arrisku handienean dagoen adin-tartea da.

Pobrezia-tasari dagokionez, EAEn aldaera txiki bat izan du azken urteetan, baina krisi ekonomikoek eta pobrezia-tasaren igoerak duten harreman estua ikusten da. 2011n nabarmen egin zuen gora pobrezia-tasak, ia %15era iritsi arte. COVID-19aren pandemiaren garaian ere igo zen, %12,2ra helduz, eta ez zen jaitsi 2023ra arte. Iaz, %10,2koa zen EAEko pobrezia-tasa eta, beraz, 227.000 pertsona zeuden pobreziaren atalasearen azpitik.

EAEko biztanleria adinaren arabera banatuz gero, adingabeak dira pobrezia gehien pairatzen dutenak. Adin txikikoen %13,7k pobrezia pairatu zuten 2023an, aurreko urtean baino 4,1 puntu gutxiago.

Nafarroako egoera, okerrera: adingabeen %28,4 pobrezia arriskuan

Nafarroako egoerak, berriz, okerrera egin zuen 2023an. Foru erkidegoko biztanleriaren %17,2 pobrezia eta bazterketa arriskuan zeuden iaz, beraz, aurreko urtean baino 2,7 puntu handiagoa izan zen tasa, eta 2020an baino 5 puntu handiagoa. Hala, azken lau urteetan, gora besterik ez du egin pobrezia edo bazterketa sozialerako arriskuan dauden pertsonen kopuruak, eta iaz 115.000 lagun zeuden egoera horretan.

Adingabeei dagokienez, Nafarroako egoera bereziki txarra da: 2023an, haur eta nerabeen %28,4 zeuden pobrezia eta bazterketa pairatzeko arriskuan, EAEn baino 10 puntu gehiago, eta 2020an baino ia 11 puntu gehiago. 

Pobrezia-tasak ere joera gorakor bat erakusten du. 2023an, %13,8koa izan zen tasa, azken hamabost urteetako altuena. COVID-19a hedatu zen urtetik aurrera, igo besterik ez da egin pobrezia-tasa: %9,9koa zen 2020an, %10,9ra egin zuen salto 2022an, eta %13,8ra iritsi zen iaz. Nafarroan, hortaz, 93.000 pertsona zeuden pobrezian 2023an.

Adinaren arabera bereiziz gero, Nafarroan ere, adin txikikoak dira pobrezia gehien sufritzen dutenak. Nafarroako adingabeen %26k pobrezia pairatu zuten 2023an, 2021ean baino 12,2 puntu gehiago.

EZ DAGO IRUZKINIK